Euskal Herria Museoan amaituko da MusEkintza zikloa
'Akelarre de sentidos' antzezlana eskainiko dute, gaur, museoko lorategian, 22:00etan hasita. Izen ematea aldez aurretik egin behar da. Antzezlanaren ondoren, musika elektronikoko emanaldia izango da. Emanaldi horregaz amaituko dute Bizkai osoan zehar egin duten MusEkintza egitasmoaren lehen edizioa.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan amaituko da, gaur, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen MusEkintza emanaldi zikloa. 22:00etatik aurrera, Euskal Herria Museoko lorategiak Akelarre de sentidos antzezlana hartuko du. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, antzezlan “oso berezia” da, eta aurkeztuko duten egunari “bikain egokitzen zaiona”. Izan ere, Akelarre de sentidos-ek udako gau bateko ametsa du oinarri, eta euskal mitologia ardatz. “Mari jainkosa eta bere senar Sugaar zentzumenen errituala prestatzeko bilduko dira”, aurreratu dute antolakuntzatik.
Antzezlanak udako gau bateko ametsa du oinarri, eta euskal mitologia ardatz.
Izaskun Barroso aktore eta zuzendariak gidatutako ikuskizuna izango da, William Shakespearen “eragin handiagaz”. “Gernika-Lumoko gazteria suspertu guran, Mari jainkosak lore bat emango dio Sugaarri; norbaiten betazalen gainean putz eginez gero, hura ikusten duen guzti-guztiak maiteminak jota geldituko dira”, aurreratu dute antolatzaileek. Antzezlanaren erdigunea amodio korapiloak eta maitasuna izango direla argitu dute, era berean; amaierak, ostera, “akelarreagaz eta suagaz” izango du zerikusia. Gaua jai giroan amaitze aldera, musika elektronikodun emanaldia egongo da Mamba Beat Club taldearen eskutik, efektu hipnotikoez nahiz bisualez lagundurik. Emanaldirako izena aldez aurretik egin beharko dela azaldu dute, museora deituz edota mezu elektroniko bat idatziz. MusEkintzari buruzko informazio dena www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean eskuratu daiteke.
Bizkai osoko museoetan egin dute MusEkintza zikloaren lehenengo aldia.
Antzezlan horregaz emango dute amaitutzat MusEkintza jaialdiaren lehendabiziko aldia. Bizkai osoko museoetan egin dute lehenengo edizio hori: Balmasedako Encartada Fabrika Museoan, Muskizko El Pobal burdinolan, Bakioko Txakolingunean, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Bilboko Arkeologi Museoan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Muñatones Gazteluan.