Irakurzaletasuna bultzatzeko guneak
Liburutegia plazara aterako du Gernika-Lumoko Udalak. Letren Etxea eta Liburutegia plazara ekimenak gauzatuko ditu udan.
Irakurketa eta mahai jokoak herritarrengana hurbildu gura ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta, horretarako, bi ekimen jarri ditu martxan: Letren Etxea eta Liburutegia plazara. Horiei esker, irakurzaletasuna bultzatzeko eta irakurketaz gozatzeko aukera gehiago izango dute erabiltzaileek.
Udalak zehaztu duenez, jarduera horien helburua da herritarrei beste zerbitzu bat eskaintzea eta horiekin entretenitzea, “batez ere urteko sasoi honetan udako oporrak dituzten gazteak”.
Kultur Etxeko arkupeetan, irailaren 15era arte egongo da Liburutegia plazara ekimena. Horri esker, liburutegiko erabiltzaile gazteek aterpe horretan jarritako liburutegi txikia erabili ahal izango dute aire zabalean. Zehaztu dutenez, astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:30era erabili ahalko da zerbitzua.
“Ekintza bitxi honen helburua herritarren beharrei erantzutea da, liburutegiko materiala kalera ateraz”, azaldu dute udal arduradunek.
Letren Etxea izeneko liburutegi ibiltariak, berriz, uztailaren 5ean hartuko ditu udalerriko kaleak, eta irailaren amaierara arte egongo da Gernikako txoko eta auzo guztietako irakurleak hartzen. Astelehenetik barikura arteko, eta, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era bitarteko ordutegia izango du liburuz, eguneroko prentsaz, aldizkariz eta mahai jokoz betetako txokoak.
Uztailaren 5etik hile bereko 15era arte egongo da Santa Luzian, eta uztailaren 18tik 29ra bitartean, berriz, San Juan Ibarran emango die arreta herritarrei. Horren ostean, Lorategietara hurbilduko da abuztuaren 1etik 12ra, eta abuztuaren 22tik 26ra San Juan Ibarrara bueltatuko da.