Herriko gazteentzako argazkilaritza udalekua antolatu du Kortezubik, lehenengoz
9 eta 14 urte bitarteko gazteek bertan parte hartzeko aukera izango dute uztailaren 18tik 22ra bitartean. Jakinarazi dutenez, izena emateko epea barikura arte egongo da zabalik.
Kortezubiko Udalak herritar gazteentzako argazkilaritza udalekua antolatu du lehenengoz, herriko gazteen familien eskaerei erantzunez. Hala, Kortezubin erroldatutako 9 eta 14 urte bitarteko gazteek bertan parte hartzeko aukera izango dute uztailaren 18tik 22ra bitartean, eta jakinarazi dutenez, izena emateko epea barikura arte egongo da zabalik; lekuak mugatuak izango dira.
Udalekua 09:30etik 13:30era izango da, eta topagunea Ludotekaren eraikineko gazteen gela izango da.
Ikastaroa Busturialdeko gazte ekintzaileek sortutako Caos Photography enpresak eskainiko du, bost egunetan. Udalekuak iraun bitartean, argazki teknika desberdinak lantzeko eta argazkigintzara ohitzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Izan ere, argiekin eta itzalekin jolasteko eta argiz kontrakoak probatzeko ariketa praktikoak egingo dituzte. “Argiaren erabilera ezagutuko dute, baita plano motak eta perspektiba desberdinak ere”, zehaztu dute antolatzaileek. Diotenez, horiek ikasita, irudimena eta sormena landuko dituzte, irudi baten bidez asmatutako istorioak sortuz.
Gainera, argazkilaritzaren eta filmen historian murgilduko dira, txangoa egingo dute eta Stop Motion teknikara eta bideo muntaketara hurbilduko dira.