Garoa Oleaga urruzunotarren sarera gehitu da, eta Gernika BHIk ere saria lortu du
Prosan saritu dute Oleaga, 'Besarkatuta' izeneko lanagatik. Gernika BHIk ere saria eskuratu du, lan kopururik handiena aurkeztu duten 5 ikastetxe saritu dituztelako.
Euskaraz idazteko zaletasuna gazteen artean sustatzeko sortutako Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketaren saridunak ezagutarazi dituzte. Eta, beste urte batez, sarituen artean daude eskualdeko ikasleak. Gernika BHIko Garoa Oleaga Goikolea izan da aurten sarituetako bat, eta, horrenbestez, urruzunotarren zerrendara batu da.
Lehiaketa honetan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta Nafarroako ikasleek parte hartzen dute, eta bi kategoria desberdinetan banatzen dituzte parte hartzaileak: prosa eta poesian. DBH 4. mailako ikaslea prosan saritu dute, Besarkatuta izeneko lanagatik.
Gernikako institutuko ikasleak, sari modura, bost eguneko literatura egonaldian parte hartzeko aukera izango du. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketarekin nahiz literatura sormenarekin zerikusia duten bestelako hainbat jarduera egingo dituzte, “zenbait idazleren laguntzagaz”.
Aurten, gainera, Gernika BHIk ere saria eskuratu du, izan ere, ikastetxeen eta irakasleen ahalegina aitortu eta eskertu guran, lan kopururik handiena aurkeztu duten 5 ikastetxe saritu dituzte; tartean dago Gernikako institutua. Hori dela eta, Hezkuntza Sailaren Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukera izango du Gernika BHIk.
Ia lau hamarkadako bidea.
Hezkuntza sailak lehen aldiz 1986an antolatu zuen Urruzuno literatura lehiaketa 37. ediziora ailegatu da aurten. Hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte.
Dagoeneko 600 inguru dira ekimen honek saritu dituen urruzunotarrak, eta zerrenda horretan izenak ugaritu doaz, urtez urte. Aurtengo saridunak erabakitzeaz, betiko legez, literatu munduko izen ezagunak arduratu dira: Mikel Ayllon, Gari Berasaluze, Peru Iparragirre, Iratxe Retolaza eta Patxi Zubizarreta.