Dominaz eta garaipenez beteriko Espainiako Txapelketa Inma Ruizentzat
Inma Ruizek urrezko domina lortu du Espainiako Txapelketan, 400 metroko proban, eta lehiaketako marka hobetu du. Gainera, bigarren sailkatu da 1.500 eta 800 metroko lasterketetan, eta hirugarren 200 metrokoan. Horrez gain, taldekako garaipena lortu du Durango KTkoekin batera 4x400eko proban, orain arteko marka guztiak hobetuz.
Joan den asteburuan aire zabaleko pista Espainiako txapelketak lehiatu zituzten Aronan, Tenerifen. Master mailako txapelketak izan ziren, eta bertan izan zen Inma Ruiz atleta gernikarra. Asteburu “ederra” izan zen Ruizentzat, maila bikainean aritu baitzen lehiatu zituen proba guztietan; maila horren erakusle izan ziren, hain zuzen ere, Gernika-Lumokoak eskuratu zituen garaipenak eta ohorezko postuak. Horrez gain, Ruizek Espainiako txapelketako denborarik onenak hobetu zituen bi lasterketatan. Osotara, bost domina lortu zituen: urrezko bi, zilarrezko beste bi eta brontzezko bat.
Ruizek 60 eta 64 urte bitartekoak barnebiltzen dituen F60 mailan lehiatu zuen Aronako txapelketan. Zapatu goizean, bere lehendabiziko urrezko domina irabazi zuen gernikarrak. 400 metro leuneko proban nagusi izan zen, eta iaz Malagan eskuratutako errekorra hobetzea lortu zuen; 1.11,54ko denbora behar izan zuen Ruizek, proban gailentzeko. Bigarren postuan Luz Marina Dominguez sailkatu zen, 1.12,72ko denboragaz; podiuma Ines Belen Silvak osatu zuen, 1.19,84ko denbora eginda.
Zilar zaporezko arratsaldea. Zapatu arratsaldean, Ruizek ez zuen atsedenik izan, iraupen erdiko proba lehiatu baitzuen, hau da, 1.500 metrokoa. Lasterketa horretan bigarren sailkatu zen, 5.31,65eko denbora eginda. Aurrea hartu zion, 5.23,68gaz, Maria Esther Pedrosak. Ruizen ostean, aldiz, Maria Angeles Ripoll helmugaratu zen, 6.27,58ko denboragaz. Domekan, lehiaketaren zurrunbiloan sartuta jarraitu zuen Gernika-Lumoko atletak. Izan ere, iraupen erdiko beste proba batean izan zen: 800 metrokoan. Lasterketa horretan ere zilarrezko domina eskuratu zuen. Bere aurretik sailkatu zen, berriz ere, Carrete, 2.39,43ko denbora eginik. Ruizek 2.42,47 minutu behar izan zuen, proba bukatzeko. 400 metroko lehiaketan bigarren sailkatutako Dominguezek osatu zuen 800 metroko probako podiuma, 2.58,23ko denboragaz.
Lorpen horiez gain, 200 metroko abiadura proban brontzezko domina eskuratu zuen Ruizek. Dominguez gailendu zen, 33.50 segunduko denbora eginda; bigarren postuan Esperanza Naveira sailkatu zen, 34.13koagaz. Ruizek 34.68ko denbora behar izan zuen. Gernikarrak lehiatu zuen azkenengo proba taldekakoa izan zen. Bere taldea Sopelanako Munarri AT izan arren, Durango KTko hiru atletagaz batera lehiatu zuen 4×400 metrokoa. Ruizek adierazi duenaren arabera, bere egungo taldea Durango KTren “talde filiala” da eta, horrenbestez, beraiekin batera lehiatzeko aukera izan zuen. Taldeka ere goi-mailan ibili zen: urrezko domina irabazi zuten F45 mailan eta, gainera, txapelketako errekorra hobetu zuten.