Abian da Koldo Obietaren erronka poloniarra
Koldo Obieta futbolari gernikarrak Miedz Legnica taldean jokatuko du hurrengo denboraldian, Polonian. Bertako Ekstraklasa lehen mailako taldea da, eta ahalik eta gol gehien sartzea izango du helburu aurrelariak.
Koldo Obieta gernikarrak Miedz Legnica talde poloniarragaz sinatu du. Azken denboraldian SD Amorebieta taldean ibili da Obieta, eta orain lehen mailara jauzia emango du Polonian. Fitxaketagatik “motibatuta eta itxaropentsu” ageri den arren, Obietak aitortu du, zelan edo halan, espero zuela talde aldaketa: “Neguan, Poloniako talde pare batek bertara jokatzera joateko eskaintza egin zidan, baina Zornotzan bigarren mailan jokatzen nintzenez, baztertu egin nituen; dena dela, jakin banekien uda sasoian beste aukeraren bat izango nuela, eta halaxe izan da azkenean”.
Miedz Legnica taldearen diziplinan sartuta dago astelehenetik, zapatuan ailegatu baitzen Poloniara. Taldeak astebete darama aurredenboraldiko prestaketetan murgilduta, ekainaren 13az geroztik, baina Obieta lasai dago: “Poloniako zenbait jokalari daude, baina baita gaztelaniaz berbetan dakiten hiruzpalau jokalari ere; horien artean Jon Aurtenetxe zornotzarra azpimarratuko nuke, lehendik ezagutzen baitut”. Gernika-Lumokoak jokalari “langilea” dela uste du eta, hain zuzen ere, horixe izango da bere talde berriari ematen saiatuko dena: “Poloniako bigarren mailatik Ekstraklasa lehen mailara igo berri den taldea izanda, mailari eusteko eta konfirmaziorako gogor egin beharko dugu lan; aurrelaria naizen heinean, nire egitekoa ahalik eta gol gehien sareratzea izango da”.
“Nire egitekoa ahalik eta gol gehien sareratzea izango da”
Obietak oraindik ez du poloniar futbola larregi ezagutzen, baina taldekide berriek honezkero eman dizkiote bertako joko estiloaren zertzeladaren bat edo beste. “Estilo bortitza, gogorra eta, batez ere, fisikoagoa dela esan didate. Beharbada, orain arte joko teknikoagoa eta taktikoagoa ezagutu izan dut, baina esango nuke alderdi fisikoa ere ondo egokitzen zaidala”, adierazi du. Fitxaketa espero zuen arren, “buruari buelta asko” eman dizkiola azaldu du aurrelari gernikarrak: “Erabakia hartzea gaitza izan da niretzat, baina aukerarik onena hautatu dudala esango nuke”.
Ingurukoek, gainera, babesa erakutsi diote. “Ama hasiera-hasieratik egon da niretzat egokiena den aukera hartzeagaz ados, baina aita, beharbada, zalantzati agertu zen hasieran. Beretzat etxetik hurre egotea eta SD Amorebietagaz bigarren mailan jokatzen jarraitzea aukera erreala zen; dena dela, nik ez neukan bertan jokatzen segituko nuen ziurtasunik eta, beraz, fitxaketari baiezkoa eman nion”.
“Poloniako joko estiloa bortitza, gogorra eta, batez ere, fisikoagoa dela esan didate”
Lanerako prest. Obieta lehendabiziko entrenamenduei, prestakuntzari eta Poloniako bizitza berria ezagutzeari emana dago dagoeneko. Ez du denborarik galtzeko: 2022/2023 denboraldiko lehenengo norgehiagoka uztailaren 17an jokatuko du; ligako lehen itzulia azaroaren 12an amaituko du eta, geldialdi baten ostean, urtarrilaren 28tik maiatz amaierara arte lehiatuko du bigarren itzulia. Bere jaioterria eta hurrekoak faltan “izugarri” botako dituela adierazi arren, “oso prest” sentitzen da talde, konpetizio eta, oro har, erronka berriari ekiteko.