Ibilgailuen aparkatzea mugatuko dute udan zehar Eako kaleetan
Aparkatzeagaz, kaleen noranzkoagaz eta hornitzaileen zamalanekin lotutako lau neurri jarriko ditu indarrean, bihartik aurrera, udalak.
Ibilgailuen aparkatzea eta trafikoa mugatu egingo du Eako Udalak herriko eremu jakin batzuetan. Neurri berriak bihar jarriko dituzte indarrean, eta irailaren 18ra arte iraungo dute. Eako biztanleriak nabarmen egiten du gora udako hilabeteetan eta, horrenbestez, trafikoa erregulatzea da neurri horien jomuga nagusia.
Lau neurri nagusi ezarri dituzte; aparkatzeagaz, kaleen noranzkoagaz eta zamalanekin erlazionatuta daude. Batetik, aparkatzea galarazi dute herriko zenbait kaletan: Kale Nagusian, Aritzan, Intzutan, Aboitiz enparantzan, Jesus kalean nahiz plazan, Belen kalean eta Kaleberrian. Bestetik, Barria kaleko noranzkoan eraldaketa bat egin dute; izan ere, uda osoan zehar noranzko bakarrekoa izatera pasatuko da.
Horrez gain, herriko zenbait gunetan baimendutako ibilgailuek baino ezin izango dute aparkatu. Eremu horiek, hain zuzen ere, udaletxe atzeko aparkalekua, Kurtzia kalea eta Altxikar kaleko lehen zenbakitik hamargarrenerainoko espazioa dira. Baimenduriko ibilgailua izan dadin, ugazaba Ean erroldatua izan beharko da, eta ibilgailua Eako ibilgailuen erroldan alta emanda egon beharko da. Azken neurriak hornitzaileen zamalanekin dauka zerikusia. Izan ere, hornitzaileek zamalanak Aboitizen egin beharko dituzte.