Euskararekiko konpromiso serioa hartu du Mobiduk
Azkenengo urteetan Gernikako gazteek euskarekiko erakutsi duten jarrera dela eta, Mobidu gazte taldeak euskararen aldeko ekintzak antolatuko ditu.
Gernikako gazteen artean euskararen erabilerak “modu nabarmenean” egin du behera. Horren aurrean, Gernikako Mobidu gazte taldeak iragarri du euskararekiko konpromiso serioa hartu dutela. Hala, udan euskara sustatzea helburu duten ekintzak antolatuko dituzte.
Mobidutik azaldu dutenez, gaztelaniak Gernikako kaleak jan ditu bospasei urtetan , eta uste dute egoera “okerrerantz” doala.
Bestalde, gaur Eingogu ala? lelopean egin duten aurkezpena ez dela beraien “kezka eta ardura” adierazteko izan azaldu dute, baizik eta, gazte taldeak Gernikako gazteria euskalduntzeko helburuarekin lan egingo duela adierazteko aurkezpen bat. Helburu horri erantzuteko antolatuko dituzte udako ekimenak. Oraindik egingo dituztenak iragarri ez badituzte ere, sare sozialei “adi egoteko” eskatu dute.
“Guk euskara ez dugu ulertzen pertsona bakar baten erantzukizun indibidual bezala. Norbanakotik hasi behar da bai, baina kolektibo anitz baten erakuslea izan behar da. Euskara ez naiz ni, ez zara zu, euskara danok gara. Aldarrikatu dezagun gure hizkuntzaren botere eraldaitzaile eta borrokalaria”, adierazi dute Mobidu gazte taldekoek gaurko aurkezpenean.
Mobidutik gogorarazi dutenez, frankismo garaian Gernikan euskara galduta egon zen. Garai beltz horren osteko Gernikako euskalduntze prozesua, baina, Euskal Herriarentzat “eredugarria” izan zela aipatu dute.
Eremu euskaldun propioa sortzeko beharra azpimarratu du Mobiduk. Azaldu dutenez, gazteen erreferente ia gehienak erdaldunak dira; hori izan daiteke, euren ustez, gazteen euskararen erabilera murritzaren arrazoietako bat.
Hori guztia kontuan hartuta, Gernika euskalduntzeko bidean elkartzera gonbidatzen du Mobiduk.