Bedaronako herriko taberna martxan da jadanik
Bedaronako herriko taberna berritua inauguratu dute. Jende pila bat bildu zen inaugurazioan, eta giro ederra izan zen nagusi. Udan jateko freskoa, sinplea eta eramangarria eskainiko dute, baina udazkenetik aurrera menua aldatuko dute.
Bedaronan aisialdiari, kulturari, gastronomiari eta euskarari gordetako espazio berri bat dute. Izan ere, bertako herriko taberna berriztu dute, eta lokal itxuraldatuaren inaugurazio agerraldia egin zuten joan den asteko eguenean. Bedaronako errepide bazterrak kotxez lepo bete ziren, guztiek ikusi gura baitzuten herriko tabernaren azal berria. Eako udal gobernuko lantaldearen zati bat ere bertan izan zen, besteak beste, Iratxe Arriola alkatea. Arriolaren ustez, herriko tabernak “hainbat onura” ekarriko dizkio lekuko bizitzari: “Bedaronako herritarrek baina baita Eako, Natxituko, Ispasterko edota inguruko herrietakoek ere gune berri bat dute elkartzeko, jan-edanerako, sozializaziorako eta, oro har, aisialdirako”.
Koldo Ituarte ondarrutarra da lokal berriaren ugazaba, eta “oso pozik” ageri da inaugurazioagatik: “Hasieran, jendeari bertaratzea kostatuko zaitzaiola pentsatzen nuen, baina, egia esan, hainbat eta hainbat izan ziren Bedaronara hurreratu zirenak, eta denak aho zapore onagaz geratu zirela sentitu nuen”. Orain, jendearen konfiantza “irabaztea” baino ez zaio geratzen Ituarteri eta bere lantaldeari, inaugurazio arrakastatsuaren ondoren. Frontoiaren aldamenean dago kokatuta herriko taberna eta, horrenbestez, kanpoaldeko eremu hori ere aprobetxatu zuten bertaratutakoek mokadu bat jateko eta trago bat edateko.
Ituarte ostalaritzaren alorrean eskarmentuz jantzitako behargina da. Izan ere, Saturrarango hondartzan izan zuen bere azkeneko lokala, eta esperientzia hartatik iritsi da Bedaronara. Ondorioz, herriko tabernan, lehenengo hilabeteetan, pareko eskaintza izango dute: “Uda sasoian, jendeari jateko bizkorra eta eroateko modukoa eskainiko diogu, baina, era berean, ahalik eta zaporetsuena eta gozoena; gure eskaintza oilasko errean, entsalada freskoan eta kroketak bezalako zizka-mizketan oinarrituko dugu”. Urritik aurrera, baina, menua izango dute eskuragarri bertaratzen direnek, denetariko platerekin. Instalazioei dagokienez, pintura berria eta lokalak hartu duen argitasuna nabarmentzen dira.