Batzarretxea urdinez jantzi da, errefuxiatuen eguna dela-eta
Ukrainako errefuxiatuetan jarri dute fokua. Izan ere, joan den hilabetean, 1686 helduk –gehienak emakumeak– eta 1.146 umek eskatu zuten babesa Bizkai, Araba eta Gipuzkoan.
Gernikako Batzarretxea eta Arbola kolore urdinez argiztatu zituzten domeka gauean, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira. Acnurrek –NBEren Errefuxiatuentzako Agentziak– sustatu du ekimena, “herrialde guztiak batzen dituen zerua irudikatzen duelako” eta Nazio Batuen banderaren kolorea delako.
Eta aurten, Ukrainako errefuxiatuetan jarri dute fokua. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak maiatzean emandako datuen arabera, joan den hilabetean 1686 helduk –gehienak emakumeak– eta 1.146 umek eskatu zuten babesa Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Jakinarazi dute azken asteetan eskaeren erritmoa “moteltzen” ari dela.
Acnurrek 135 herrialdetan dituen bulegoetan gogoratzen dute errefuxiatuen mundu mailako eguna, baina babesleku eta errefuxiatuei laguntzeko lan egiten duten beste elkarte eta erakundeek ere bat egiten dute ekimenarekin, baita entitate eta pertsonek ere. Ekimenean, besteren artean, New Yokeko Empire State Buildingek, Parisko Eiffel dorreak edo Erromako Koliseoak parte hartu dute. “2013ko ekainaren 19tik 20ra arteko gauean, urtetik urtera, gero eta uri gehiago batu dira ekimenera, eta urdinez margoztu dituzte eraikinik esanguratsuenak”, adierazi dute antolatzaileek.