80 ikaslek eta adinekoek elkarregaz ezagutu dute Euskal Herria Museoa
San Fidel Ikastola eta Foruko IMQ Igurco udal egoitza garatzen ari diren belaunaldien arteko programa bateratuaren baitako ikasturte honetako azken jarduera izan da.
San Fidel Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5.mailako 71 ikaslek eta Foruko IMQ Igurco udal egoitzako adineko talde batek elkarregaz egin dute ikasturte amaierako txangoa, bi zentroak garatzen ari diren belaunaldien arteko programaren barruan, eta Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa ezagutu dute.
Lau irakaslek, egoitzako psikologoak eta praktiketako bi irakaslek lagunduta, Gernika-Lumoko museoa bisitatzeko eta euskal herritarren historiaz, kulturaz eta tradizioez berba egiteko aukera izan dute gazte eta nagusiek.
Bi zentroek abian duten belaunaldien arteko programak zahartzaroari buruzko ideia estereotipatuak uxatu nahi ditu, eta hainbat alderdi landu; hala nola, trebetasunak garatzea, balioak berreskuratzea eta ezagutza historiko eta kulturalak aberastea. Gainera, adinekoek haiekin ikasteko duten gaitasuna aprobetxatu gura du programak, eta zahartzea bezalako errealitate saihestezina gazteei hurbildu gura die, “ikuspegi eraikitzaile, positibo eta natural batetik”.