Ibai Azanzak irabazi du Mendatan lehiatutako Euskadiko Txapelketa
Ibai Azanzak Mendatako Sari Nagusia irabazi du, Mikel Uncilla eta Markel Belokiren aurretik. Azanza, gainera, Euskadiko txapeldun ere izendatu da.
Zapatuan Mendatako Sari Nagusia gazte mailako txirrindulari proba lehiatu zuten; lasterketa hori, gainera, maila horretako Euskadiko Txapelketa ere izan zen. Beroa izan zen protagonista nagusia; txirrindularientzat zailtasun gehigarria izan zen, eta 2.17 ordu behar izan zituzten 85,3 kilometroko ibilbide gorabeheratsua osatzeko.
Hainbat ihesaldi saiakera izan ziren, ibilbidea horrexetarako oso aproposa baitzen, eta, azkenean, Vizcay Hermanos Construccion taldeko Ibai Azanza Burusco gailendu zen Elexalde auzoan kokaturiko helmugan; podiuma Sakana Group-Aralar TT etxeko Mikel Uncilla Aldasorok eta MMR Academyko Markel Beloki Fernandezek osatu zuten. Azanzak, horrenbestez, Euskadiko txapelketa ere eskuratu zuen.
Ibilbide gogorra. Muniketa, Astorkigane eta, batez ere, Bizkaiko Begiratokia izan ziren probako epaile lanak egin zituzten mendateak, eta igoera horiek ekarri zuten, beroagaz eta 37,344ko batezbesteko abiaduragaz batera, parte hartzaileen erdiak lasterketa amaitzea; 146 txirrindularik eman zuten izena, eta 70ek lortu zuten Mendatako proba bukatzea.