Harrera eta izen emate kopuru bikaina izan dute Pasealekuko txapelketek
Futbito txapelketara 45 talde aurkeztu dira; saskibaloikora, aldiz, 19; esku pilota partiduetan 15 bikote izango dira. Ekainaren 27tik abuztuaren 5era artean egingo dituzte partiduak.
Gernika-Lumoko Pasealekuak kirol zaletuen aterpe izaten jarraituko du udako arratsaldeetan. Izan ere, Gernika-Lumoko Udalak, herriko kirol eragileekin elkarlanean, Pasealekuko txapelketak berreskuratu ditu, koronabirusaren pandemia egoerak urte biko etenaldia ekarri ostean. Horrenbestez, ekainaren 27a eta abuztuaren 5a bitartean, futbito, saskibaloi eta esku pilota txapelketak egingo dituzte.
Gaur aurkeztu dute aurtengo egitaraua Gernika Lumoko kultur etxean. Bertan izan dira udaleko Gazteria zinegotzi Lourdes San Severino, Gernika Erabil Areto Futbol Elkarteko Keldor Anparan, Arkupe Pilota Klubeko Urtzi Bidaburu eta Gernika KESBeko Julen Gomez. San Severinok adierazi du txapelketek “tradizioa, kirola eta aisialdia” uztartzen dituztela: “Hainbat eta hainbat urtez egin izan den ekimena da; geldialdiren batzuk izan ditu, azkena koronabirusaren ondorioz, baina aurten berreskuratu egingo dugu eta etorkizunean horrelaxe jarraitzea espero dugu”.
San Severino: “Pasealekuko txapelketek tradizioa, kirola eta aisialdia uztartzen dituzte”
Anparanek adierazi du txapelketarako harrera “oso ona” izan dela aurten ere, eta parte hartze “handia” egongo dela. Futbito txapelketan 45 talde egongo dira: horietako 22 gazteek (benjamin, alebin, txiki eta kadete mailetakoek) osatuta egongo dira eta gainontzeko 23ak, ostera, nagusiek. Futbito txapelketa 16:00 eta 21:00 artean egingo dute. Saskibaloiari dagokionez, nagusi edo senior mailako 16 taldek eman dute izena, eta gazte mailako 3k. Gomezek, dena dela, azaldu du aste honetan “besteren batzuk” gehitu gura dituztela. Saskibaloi partiduak ere, futbitoa bezalaxe, arratsaldero egingo dute: gazteak 17:00etan hasiko dira eta nagusiak 18:00retan.
Anparan: “Txapelketek harrera oso ona izan dute, eta izen ematea handia izan da
Bidaburuk argitu du esku pilota txapelketan nagusi mailakoak baino ez direla ariko aurten: “Gazteak inguruko txapelketetan parte hartzen ari dira, eta, beraz, nagusiek baino ez dute jokatuko”. Osotara, 15 bikote apuntatu dira. Hilabete osoan esku pilota partiduak egon daitezen, astean egun bitan egingo dituzte: martitzenetan eta eguenetan. Txapelketako egutegi ofiziala, araudiak eta bestelako xehetasunak bihar aurkeztuko dizkiete parte hartzaile guztiei, 18:00retan Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan egingo den ekitaldian.