Giro ederra ekarri du Bermeora Magurios Jaialdiak
Bi urtez antolatu ezinik egon eta gero, 140 motozale batu ditu Izaro Bikersek antolatutako jaialdiak.
Asteburuko Magurios Jaialdiak 140 motozale inguru batu ditu Bermeon, eta hainbat herritar erakarri ditu asteburuan. Beroa eta euria izan dira protagonistak; izan ere, zapatu eguerdira arte “izugarrizko beroa” egon bazen ere, enbata sartu zen gero eta arratsalde-iluntze aldera, euria egin zuen tarteka. Domekan, berriro ere, beroa nagusitu zela aipatu dute antolatzaileek.
Asteburua ondo joan dela esan dute antolatzaileek, eta beraz, balorazioa “positiboa” egin dute; pozik daude asteburuak emandakoagaz. Hala ere, aitortu dutenez, jende gehiago etortzea espero zuten. Motozale gehiagoren esperoan, “bazkari gehiagi” erosi zutela azaldu dute, eta euren ardura bakarra aipatu bazkaria amaitzea zela gaineratu dute. “Zorionez”, baina, bermeotar askok jan dute Izaro Bikersek antolatutako bazkari eta afarietan; horrez gain, saldutako ogitartekoekin “euren buruhausteari” aurre egitea lortu dute.
Zapatua izan zen egunik potoloena eta jendetsuena. Horren “erakusle argia” izan zen zapatu arratsaldetik aurrera, Bermeoko kanposantu inguruan kokatu zen txosna gunean sortu zen giroa. 20:30etatik aurrera, Emilizo Zamorak eman zuen Stuntman ikuskizuna “zoragarria” izan zela azaldu dute: “Herritar asko bertaratu ziren eta gozatu egin zuten”. Gauean, The Bond Scot Band taldearen eskutik, AC/DC taldearen tributo kontzertuagaz disfrutatu ahal izan zuten Burujabetasun zelaira bertaratu zirenak; “ekintza jendetsuena izan zen”. Izaro Bikersetik adierazi dutenez, “izugarria” izan zen bizitako giroa: “Burujabetasun zelaia jendez gainezka egon zen, eta txosnetan gelditu barik egon ziren”. Zoritxarrez, 00:00tan hasi behar zen DJ Markelinen pintxada ezin izan zen egin; izan ere, euriak soinu ekipoa busti zuen.
Motozaleek hiru ibilbide egin dituzte asteburuan. Zapatu goizekoan ehun pertsona inguru batu ziren. Bermeotik irtenda, Bakiotik Armintzara bidea hartu zuten, Mungia igaro eta Bermeorako buelta hartu zuten. Zapatu arratsaldeko ibilbidean, Gernika-Lumo zeharkatuta, Lekeitio alderanzko bidea hartu zuten; Lekeition sartu barik, Gernikarako bidea hartu zuten motozaleek berriro, Bermeon amaitzeko. Domekan, Bizkaiko begiratokira joan ziren.
Aipatu dute beroa denen ahoetan egon den gaia izan dela, eta Maguriosen ere gogor jo zuela: “Inork gura ez zuena gertatu zen. Hain zuzen ere, zapatu goizeko ibilbidean emakume batek bero kolpea izan zuen. Zorionez, mediku zerbitzua geneukan. Emakumea nahiko arin berreskuratu zen eta ongi dago”.