Argi Baltzak baditu sei finalistak
Aitor Etxebarriazarraga, Ane Zuazubiskar, Ibai Amillategi, Mikel Retolaza, Ander Euskitze eta Sarai Robles ariko dira Muxikako finalean. Atzo Mendatako frontoian lehiatu zuten txapelketaren hirugarren eta azken kanporaketa, eta Amillategik irabazi zuen saioa.
Erabakita daude Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako finalistak nortzuk diren. Aitor Etxebarriazarraga, Ane Zuazubiskar, Ibai Amillategi, Mikel Retolaza, Ander Euskitze eta Sarai Robles ariko dira, domekan, 18:00etan, Muxikako Urretxindorra eskolan jokatuko den finalean.
Atzo Mendatako udal frontoian lehiatu zuten txapelketaren hirugarren eta azken kanporaketa, eta Amillategi nagusitu zen; 192,5 puntu eskuratu zituen. 183 puntu eskuratu zituen Maddi Ane Txoperenak, azken saioko bigarren postua eskuratuz, eta puntu bat gutxiagogaz hirugarren lekuan geratu zen Eneko Aldana. Haren atzetik, 180 puntugaz, Joanes Illarregi sailkatu zen, eta 171,5egaz, berriz, Bittor Altube. Seigarren postuan geratu zen Maider Altuna, 154 puntu lortuta. Lilibertsoko antolatzaileek adierazi dute, Asier Galarzaren gidaritzapean “saio elegantea” osatu zutela bertsolariek.
Horiek horrela, euren saioak irabazita, Amillategi bera, Etxebarriazarraga eta Zuazubiskar zuzenean sailkatu dira finalera. Azken saio horretan, baina, hiru kanporaketetako irabazleak ez ezik, gainontzeko parte hartzaileetatik puntuaziorik altuena eskuratu duten hurrengo hiru bertsolariak ere ariko dira: Retolaza, Euskitze eta Robles.
Hiru kanporaketak amaituta, finala dute azken erronka Lilibertsokoek, eta domekarako gogotsu ari dira lanean.