Antiguoko, Urbietan garaile
Antiguoko taldeak irabazi du Gernika Sportingen txiki mailako txapelketa; Real Union, Santutxu eta Danok Bat izan ditu atzetik. Beroa eta azken orduko hutsegiteak egin arren, lehiaketa modu bikainean eta giro ederrean egin dute.
Asteburuan Gernika Sporting futbol taldeak antolatutako txiki mailako futbol txapelketa egin dute Urbietan. Bertan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako txiki mailako talderik goi-mailakoenek parte hartu dute. Gernika Sportingeko lehendakari Roman Atxirika “oso asebeteta” geratu da asteburuak Urbietan utzi duenagaz: “Egundoko maila duten taldeek jokatu dute, giro apartean ibili gara, eta esperientzia benetan polita izan da”.
Antiguoko taldeak eskuratu du garaipena Real Unionen, Santutxuren eta Danok Baten aurretik. Ikasketa eta formazio prozesuan bete-betean sartuta egon arren, Atxirikak adierazi du zelaian “maila izugarridun jokalariak” ikusi dituztela asteburuan zehar: “Beraien gaztetasunean, dagoeneko goi-mailako futbola darabilten jokalariak ikusi ditugu, eta hori txapelketa honek duen mailaren isla dela esango nuke; besteak beste, Villareal, Athletic edota Realera joango dire jokalariez gozatu dugu”.
Moldaketak. Txapelketa behar bezala egite aldera, azken orduko moldaketa batzuk egin behar izan dituzte antolatzaileek. Batetik, Abetxuko eta Aviron Baiona taldeak ezin izan dira bertaratu; horrenbestez, azken orduan Astrabuduak parte hartu zuen Abetxukoren ordez. Bestetik, zapatuan egin zuen muturreko beroak osasun neurriak hartzera derrigortu zuen antolakuntza lantaldea: “Partidu bakoitzaren iraupena ordu laurdenera murriztu genuen, eta atsedenaldi bakoitzean ureztatze zerbitzua nahiz hidratazio neurriak martxan jarri genituen, jokalariek freskatzeko eta errekuperatzeko aukera izan zezaten; modu horretan, arriskuak ekidin genituen eta, zorionez, ez zen inongo istripurik izan”.
Zapatuko lehen orduetan, beroa tarteko, ez ziren hainbeste ikusle hurreratu Urbietara, jokalariek jarraitzaileak nahiz senideak salbu. Eguerditik aurrera eta domekako finaletan, ostera, jende gehiago izan zen. Aurtengo esperientzia “hain ederra” izan denez, Atxirika presidenteak argi du: “Gernika Sportingentzat egun handia izan zen, eta oso gogotsu gaude datorren urtean ere errepikatzeko“. Bien bitartean, irail aldera, klubaren 40. urteurreneko ospakizunekin jarraitzea espero dute, beste ekimen batzuk eginez.