Alluitz de Bilbaok eta Jone Oar-Artetak Mendi Lasterketen Nazioarteko Kopan ariko dira
De Bilbaok eta Oar-Artetak Espainiako Selekzioagaz lehiatuko dute, 18 urtez beherakoen proban, Saluzzon. Ekainaren 25ean eta 26an izango dira proba.
Espainiako Selekzioak Alluitz de Bilbao eta Jone Oar-Arteta deitu ditu, World Mountain Running Associationek (WMRA) antolaturiko Mendi Lasterketen Nazioarteko Kopan parte hartu dezaten. Proba hori ekainaren 25ean eta 26an lehiatuko da Saluzzon (Italia); bertan, Gernika Atletismo Taldeko partaide biek 18 urtez azpiko nazioarteko atletarik hoberenen aurka aurrez aurre lehiatzeko aukera izango dute.
Biek ala biek, aurtengo denboraldian, soberan frogatu dute diziplina arteko aniztasunean oso ondo moldatzen direla; emaitza bikainak eskuratu dituzte pistako, kroseko nahiz mendiko lasterketetan. Azken modalitate horretan, hain zuzen ere, Espainiako txapeldun eta txapeldunorde izendatu berri dira. Lorpen horiek zabaldu zieten Mendiko Lasterketen Nazioarteko Kopan lehiatzeko atea. Gernikako Atletismo Klubarentzat eta, bereziki, neskentzat denboraldi bikaina izaten ari da; izan ere, Estatuko selekzioa osatzen duten lau atletetako bi gernikarrak dira.
Taldetik adierazi dute Ibon Bilbaok gidaturiko bi korrikalariak “moralez gainezka eta baldintza fisiko oso onean” ailegatuko dira denboraldi amaierako zita horretara. De Bilbao eta Oar-Arteta ekainaren 24an batuko dira Espainiako Selekzioagaz, Bartzelonan. Orduan, Francisco Caballero hautatzailearen agindupean, Saluzzorainoko bideari ekingo diote, proba lehiatzeko.