San Juan Eguna segurtasunez ospatzeko gonbitea luzatu du Bermeoko Udalak
Bi urte luzeren ostean, bermeotarrek berriz gozatu ahalko dute San Joan egunaz; udalak Gaztelugatxe ingurua zaintzeko eskatu du.
Gaztelugatxeko San Joan inguruan azkenengo urteetan izandako arazoak direla eta, Bermeoko Udalak ekainaren 24ko San Joan egunean segurtasunez jokatzeko deia egin du.
Gaztelugatxe ingurua “biotopoa” denez, ekainaren 24rako edukiera mugak egongo direla aurreratu du udalak; hala ere, bermeotarrek lehentasuna izango dute. Jende askoren presentzia espero du udalak, eta, ondorioz, 11:00ak eta 12:00ak aldera joatea ekiditea eskatu dute. Edukiera betetzen bada, eta ilarak egin beharra baldin badira, bermeotarrek lehenatsuna izango dute Gaztelugatxera hurbiltzeko. Izan ere, bermeotarrentzako egun berezia da San Joan eguna, eta Gaztelugatxera joateko ohitura errotuta dago herrian.
Gainera, Bermeoko Udalak doako autobusak eskainiko ditu, “Gaztelugatxe eta bere ingurua babestutako tokia da eta bereziki zaindu behar dugu”. Hori dela eta udalak bertara joan eta bertatik herrira bueltatzeko autobus zerbitzua eskainiko du nahi duten bermeotarrentzat. Helburua da bertara kotxez ez joatea. Askok, noski, ohiturei jarraituz oinez egingo dute bidea baina nahi duenak aukera hori ere izango du. Udalaren autobus zerbitzua, orduro, goizeko 8etatik 14etara bitartean egongo da, eta geltokiak Lamera, Azoka, Matxitxako Bidea eta Gaztelugatxe izango dira.
“Gogoratu behar da duela urtebete bertan lur-jausi bat gertatu zelako. Biotopoa zabalik badago ere, bertako lanak ez dira bukatu, eta, gure ohituraz modu seguru, lasai eta biotopoarekiko errespetuzkoan gozatu ahal izateko, geologo eta teknikarien irizpideak jarraituz, gune batzuetan jende pilaketa handiak ekidin eta segurtasun protokoloetan jasotako edukierak errespetatu beharko ditugu”, azaldu du bermeoko alkate Aritz Abaroak.