Marta Alberdik Lointek Gernika Bizkaian jarraituko du
Alberdi gernikarrak hirugarren denboraldia beteko du hazten ikusi duen taldean. Azken berritze horregaz, bost jokalari ditu dagoeneko Lointek Gernika Bizkaiak: Alberdi, Igerabide, Ariztimuño, Buch eta Meskonyte.
Marta Alberdik bere hirugarren denboraldia egingo du Lointek Gernika Bizkaiagaz. Eskolta gernikarra txiki mailatik Gernika-Lumoko taldean ibili izan da, kategoriaz kategoria gora eginez. Aurtengo denboraldian, Mario Lopez entrenatzailearen konfiantza izan du eta, partiduak aurrera joan ahala, geroz eta minutu gehiago izan ditu kantxa barruan; hain zuzen ere, Alberdik Emakumezkoen Endesa Ligako 20 partidutan parte hartu du, iazko bikoitza, eta sei munutu jokatu ditu denboraldi osoan zehar, batezbeste.
Taldetik adierazi dutenaren arabera, Alberdik aurtengo denboraldian “hobekuntza nabaria” izan du; argitu dute “geroz eta gehiago begiratzen diola uztaiari” eta, horrez gain, minutuak izan dituen aldi guztietan “inoiz baino hobeto” erantzun duela. Alderdi fisikotik erreparatuta ere “aurrerapausoa” egin duela adierazi dute.
Harrobiko jokalari horren kontratu berritzeagaz, Lointek Gernika Bizkaiak, dagoeneko, bost jokalari ditu baieztatuta datorren denboraldirako: Marta Alberdi, Sandra Igerabide, Itziar Ariztimuño, Roso Buch eta Gabija Meskonyte.