Ignacio Arozena-Benito Barrueta BHI Institutuko jolastokia egokitu du udalak
Jolastokia zabalik egongo da bertako instalazioez gozatu nahi duten guztientzat. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, udalak 11.946,81 euroko inbertsioa egin du jolastokia ikasleen beharretara egokitzeko.
Bermeoko Udalak Ignacio Arozena-Benito Barrueta BHI Institutuko jolasgunea egokitu du. Hain zuzen ere, lurreko jolasak margoztu eta pin-pong mahai bi eta saskibaloi kantxa bat jarri ditu. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, udalak 11.946,81 euroko inbertsioa egin du jolastokia ikasleen beharretara egokitzeko.
Zehaztu dutenez, jolasteko lekua zabalik egongo da herritarrentzat, eta edonoiz joateko aukera izango dute. “Obra hauei esker, Bermeok saskibaloi kantxa bat izango du berriro”, adierazi dute.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan duenez, udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat da kirola eta bizimodu osasuntsua sustatzea: “Bermeotarrek jolasteko eta kirola egiteko gune berria irabazi dute, eta seguru nago asko erabiliko dutela”. Adin guztietarako gunea izango dela dio alkateak, baina bereziki gazteei bideratuta egongo dela zehaztu du.
Instalazio berria zaintzea “oso garrantzitsua” izango dela gaineratu du. “Aisialdi osasuntsu eta seguru batez gozatzeko tokia izango da. Noski, oso garrantzitsua da inbertsio hau zaintzea eta behar bezala erabiltzea. Gure ardura da Bermeo zaintzea”, dio.
Alkateak, gainera, eskerrak eman nahi izan dizkie Arozena-Benito Barrueta BHI Institutuari eta Jaurlaritzako Hezkutza sailari, “herriari espazio berri batez gozatzeko aukera eman izanagaitik”.
Jakitera eman du datorren asteetan instituturako sarbidea berrituko dutela, kaletik barrura sartzeko atea aldatuko dutelako.