Bandera beltzen zerrendan daude Gernika eta Murueta
Ekologistak Martxan erakundeak bi motatako banderak banatu ohi ditu urtero: bata, zenbait udalerritan eraiki diren proiektuen "kudeaketa txarragatik", eta, bestea, proiektuen "kutsadura maila handiagatik". Eta, aurten, Bizkaiko Foru Aldundiari eman diote kudeaketa txarraren bandera beltza, Gernikan eta Muruetan Guggenheim 2,3 bat sortzeko proiektuagatik.
Bi motatako banderak banatu ohi ditu urtero Ekologistak Martxan erakundeak, biak beltzak. Bata, zenbait udalerritan eraiki diren proiektuen “kudeaketa txarragatik”, eta, bestea, proiektuen “kutsadura maila handiagatik”. Euskal Herrian, aurten, lau bandera beltz banatu dituzte, eta horien artean dago Gernika eta Muruetak jaso dutena.
Ingurumen kudeaketa txarragatik sartu dituzte bandera beltzen zerrendan. Bizkaiko Foru Aldundiari eman diote bandera beltz hori, Gernikan eta Muruetan Guggenheim 2,3 bat sortzeko proiektuan egindako “kudeaketa txarragatik”.
Urdaibaiko itsasadarrean, Gernikan eta Muruetan, Bilboko Guggenheim museoaren osagarri izango diren bi museo eraikitzeko proiektua “zentzugabea” uste du elkarteak, eta horregatik eman dio kudeaketa txarraren izendapena. Izan ere, azaldu du museoa eraikitzen hasiko balira, kamioien joan-etorria “handitu” egingo litzatekeela, eta behin eraikina altxatuta, joan-etorri hori “nabarmen handituko” zela, “urtean milaka turista erakarriz”; 140.000 bisitariraino, proiektuaren arabera.
Landa eremuetara turismoa erakarkartzearen kontzeptua “egokia” izan daitekeela dio erakundeak, baina biosferaren erreserbaren erdian bi museo eraikitzea ez: “Biosferaren erdian kulturaz eta naturaz gozatzeko museoak eraikitzea ez da egokia, eta ez dago frogratuta museoek jende gehiago erakarriko dutenik. Izan ere, alderantzizko prozesua gerta daiteke, eta natura bakarrik bilatzen duen jendea uxatu dezake proiektuak.
Horrez gain, Ekologistak Martxanek ohartarazi du proiektuaren atzean eskualde osoaren “ezkutuko urbinizazioa” egon daitekeela: “Izan ere, gehiegizko hirigintza zailtzen duten antolamendu planak aldatuko dira, Bizkaiko kostalde osoko beste herri batzuetan egin modura, Getxon eta Plentzian, esaterako”.
Hori guztia kontutan hartuta, uste dute “beharrezkoa” dela kudeaketa txarraren aldeko bandera beltz hori Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrerari ematea.