Tour Egunak Gernika-Lumon izango du geldialdia
2023ko Tourraren etorrera ospatzeko jaia aurkeztu dute gaur
2023ko uztailaren 1ean Frantziako Tourra Bilbotik aterako da eta bi etapetan Bizkaiko hainbat txokora helduko da lehen aldiz. Bizkaiko Foru Aldundiak hainbesteko oihartzuna duen ekitaldiaren jaia ospatu nahi du aldez aurretik. Horretarako, gaur Bilboko egoitzan egin duten agerraldian aurkeztu dute, hain zuzen ere, Tour Eguna.
Guztira 18 izango dira 12 hilabetetan banatuta, eta lehendabiziko geralekua Lekeitio izango da abuztuaren 7an. Beste 17 etapa edo geldialdi egingo ditu Tour Egunak: La Arena hondartzan (Muskiz eta Zierbena), Sopelan, Mungian, Zallan, Zornotzan, Leioan, Galdakaon, Santurtzin, Durangon, Basaurin, Getxon, Bilbon, Barakaldon, Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen, Ermuan eta, azkenik, Igorren.
Tourraren etorrera ospatzeko ospakizuna da eta txirrindularitza sustatzea du helburu nagusi. “Bizkaia mundura konektatzeko, zer garen irakasteko, gure historia kontatzeko eta gure balioak kutsatzeko aukera ikaragarria da. Txirrindularitzaz gozatzeko aukera paregabea ere bada”, adierazi du Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Euskal Herrian txirrindularitzarekiko kultura eta grina berezia dago. Herri bakoitzean jardueraz beteriko esparru erraldoi bat sortzeko material esklusiboa zabalduko dute. Familientzako jarduerak eta tailerrak antolatzeaz gain herriko taldeak eta txirrindulariak omenduko dituzte, baita historia errepasatzen duen erakusketa jarri ere.