Oizko Erronkak toki eta adin guztietako ziklistak elkartu ditu
700 pertsona baino gehiagok egin dute Oizko Erronka. Emakume kopurua hirukoiztea antolakuntzarentzat "berri oso ona" izan da. 90 txirrindulari inguru igo ziren Oiz tontorreraino, tartean, bi emakume.
Zapatuan Oizko Erronka egin zuten Gernika-Lumon, XII. Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistaren testuinguruan. 700 parte-hartzailetik gora animatu ziren hiru ibilbideak egitera, eta Aixerrotape Txirrindulari Elkarteko antolatzaileak “oso asebeteta” agertu dira martxak izandako harreragaz eta egitarauagaz. “Txirrindulari profil ugari ikusi genituen eta, bakoitza bere erara, oso pozik igarri genituen guztiak”, adierazi dute Aixerrotapekoek. Parte-hartzaileek Oiz mendira edota Bizkaiko Begiratokira kronoigoera egiteko aukera izan zuten; dena dela, ez zen proba lehiakorra izan, “bakoitzak norbere marka pertsonalak ezagutzeko aukera” baino.
“Txirrindulari ugari ikusi genituen eta, bakoitza bere erara, oso pozik igarri genituen guztiak”
90 pertsona inguru animatu ziren Oizera igotzera, tartean, emakumezko bi. Emakumeak izan ziren, hain zuzen, eguneko protagonista nagusietako batzuk: “Azken egitarauko emakume kopurua hirukoizteak, Eneritz Iturriaga eta bere taldea omentzeak eta, horrez gain, egun osoan zehar emakumeen parte hartzea handia izan zela ikusteak asko pozten gaitu”, azaldu dute.
Toki guztietako ziklistak. Euskal Herriko bazter guztietatik bertaratutako zikloturistez gain, Espainiar Estatutik hurreratutakoak ere izan ziren Santana aparkalekuko irteera eta helmuga eremuan. “Adibidez, Zaragoza inguruko talde batek adierazi zigun zur eta lur geratu zirela ibilbidearen eta paisaien edertasunagaz, eta behin eta berriro geratzen ibili zirela, momentua hilezkortzeko argazkiak egiteko”, azaldu dute.
“Ez zen istripu edo arazorik izan, guztia bikain atera zen, eta hori lanean ibilitako guztiei esker izan da”
Antolakuntzak esker oneko berbak baino ez ditu, bestalde, errepidean zein prestaketetan lagundu duten boluntario denenganako: “Ez zen istripu edo arazorik izan, guztia bikain atera zen, eta hori lanean ibilitako guztiei esker izan da”.