Mustafic, De la Hera, Van Horenbeke eta Murua, Busturialdeko uretan nagusi
Itsaso mugitu samarragaz egin dute Bermeo-Mundaka itsas zeharkaldia. Mustafic eta De la Hera izan dira nagusi neoprenorik gabekoen sailkapenean; Van Horenbeke eta Murua, aldiz, neoprenodunen artean.
Domekan Bermeo-Mundaka igeriketa zeharkaldia egin zuten bi udalerri horien arteko uretan barrena. Maila bi egon ziren: batetik, neoprenodunak; bestetik, neoprenorik gabekoak. Azken horien artean Adnan Mustafic, hautagai nagusia, jaun eta jabe izan zen; 28.26ko denbora behar izan zuen 2,5 kilometroak egiteko. Neoprenorik gabeko emakumezkoetan, aldiz, Andrea de la Hera nagusitu zen 31.30eko denbora eginda.
Neoprenodunen kategorian, Pablo Van Horenbeke nagusitu zen, 31.55eko denbora eginda; emakumerik bizkorrena Nerea Murua izan zen, 33.32ko denboragaz. Kosnoaga-Gernika igeriketa taldeko Garazi Bengoetxea kortezubitarra neoprenoduden proban bederatzigarren postuan sailkatu zen; 33.48ko denbora behar izan zuen.
MDK Swim taldeko antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, “zenbait arazo” izan zituzten izen ematean eta kontsignen banaketan: “Uste baino boluntario gehiago behar izan genituen, eta horrek proben irteera orduak atzeratzea ekarri zuen”. Hurrengo urtera begira, arazo horiek konpontzen saiatuko direla argitu dute.