Busturiko Udalak jasangarritasunarekiko konpromisoa hartu du
Busturiko Udalak Bizkai, Araba eta Gipuzkoan Tokiko ekintza jasangarria eta Tokiko 2030 Agenda bultzatzeko akordioa onartu du azken osoko bilkuran.
Busturiko Udalak Bizkai, Araba eta Gipuzkoan Tokiko ekintza jasangarria eta Tokiko 2030 Agenda bultzatzeko konpromisoa hartu du azken osoko bilkuran. Hala, azaldu dutenez, akordio honekin Busturiak jasangarritasunarekiko konpromisoa eta inplikazio aktiboa berresten ditu.
Udaletik azaldu dutenez, udalean 2030ko Agenda landuko dute “herriaren garapen jasangarrirako helburuak lortzeko ildo estrategiko modura”. Modu horretan, 2030 Agenda, ekintzetarako ibilbide orri gisa erabiltzeko eta ikuspegi hori udal politikan eta kudeaketan txertatzeko konpromisoa hartu dute. Uste dute, gainera, udalak udalerriaren eta eskualdearen garapen jasangarrian lagunduko duela.
“Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko lanean jarraitu behar da gure ingurumena zainduko duten eta pertsonen bizi kalitatea bilatuko duten politikekin. Udalsarea 2030 sareari atxikitzea pauso sendoa da bide honetan. Busturian iraunkortasuna irabaztera bideratutako proiektuak garatzen ari gara, hala nola, energia berriztagarrien erabilera sustatzea. Udalsarea 2030en sartuta, aurrera egiten jarraitzeko konpromiso hau berresten dugu. Ingurumen helburuetatik harago, Busturian berdintasun gaietan eta gure udalerriko kultura eta historian sakontzea ere badugu helburu, gure nortasunaren ezaugarri gisa”, azaldu du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.