Busturiko Udalak gazteentzako politika integralak bultzatu eta garatuko ditu
Busturiko Udalak, eskualdeko gainontzeko 17 udalekin batera, Gaztedi Busturialdea proiektua garatzeko erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu du.
Gaztedi Busturialdea proiektua garatzeko erakundeen arteko lankidetza hitzarmena onartu zuen Busturiko Udalak maiatzeko osoko bilkuran, eta hitzarmen horren bidez, gazteei zuzendutako gazte politika integralak ezartzeko, bultzatzeko eta garatzeko konprimisoa hartu zuen.
Busturiko Udalaz gain, Busturialdeko beste 17 udalek Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako lankidetza hitzarmenak gazteriaren arloko foru planak sustatzeko eta garatzeko helburu irmoari eutsi dio, udal eta eskualde proiektuen bidez, kasu honetan, Gaztedi Busturialdea proiektua garatuz eta ezarriz.
Aldundiaren eta udalen arteko lankidetza esparru bat ezartzea da lankidetza hitzarmen honen helburua, eta eskualdeko herrietako gazteei zuzendutako plan hau, “Bizkaia Gazteak 2022-2023” foru-estrategiaren parte da.
Lankidetza horren esparruan garatzen diren ekintza guztiak emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioaren arabera arautuko dira; zehaztu dutenez, emakumezkoei eta gizonezkoei ematen zaien tratamendua, protagonismoa eta balorazioa berdinak izango direla zaintzeko konpromisoa hartu dute. “Lehentasuna emango zaie berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzukidetasunari eta rol-aniztasunaren eta genero-identitatearen balioei”, azpimarratu dute.
Hitzarmena atxikitutako erakunde guztien artean finantzatuko da, eta, jakinarazi dute aldundiak proiektua finantzatzeko 78.000 euroko ekarpena egingo duela 2022an eta 2023an. Bestalde, udalen artean osatu beharko dute urteko aurrekontua, aurten 111.429 eurokoa izango dena; Busturiaren kasuan, ekitaldi bakoitzeko ekarpena 2.116 eurokoa izango da.
Busturiko alkate Aitor Aretxagak adierazi du udalak herritarrengandik “hurbilen” dauden erakundeak direla, eta gazteek hurbiltasun hori sentitu behar dutela: “Gazteek hurbiltasun hau sentitu behar dute, gazteekin dugun konpromisoa irmoa dela jakin behar dute. Hitzarmen honegaz estrategia komun bat lantzen dugu, gure herrietako gazteen benetako beharrei erantzungo dien jarduerak eragikortasunez garatzeko”.