Asteburu betea dakar Magurios jaialdiak Bermeora
Bi urteko geldialdiaren ostean, berriz antolatu du Magurios jaialdia Izaro Bikers motozaleen elkarteak. Jaialdiaren hamaikagarren urtea izango da aurtengoa eta asteburu osorako egitaraua antolatu dute.
Bermeoko Izaro Bikers motozaleen elkarteak antolatutako Magurios jaialdiaren txanda ere iritsi da. Hala, barikuan hasi eta domekara bitartean hainbat jarduera antolatu dituzte; kontzertuak, erakustaldiak edota moto ibilbideak egongo dira aukeran.
Jaialdiak inguruko zein urrunagoko motozaleak batu ohi izan ditu, eta aurten ere horrela izatea espero dute antolatzaileek. Momentuz, izen ematea “oso ongi” doala adierazi dute, eta “pozik” daude orain arte izandako harreragaz.
Izaro Bikersek antolatzen duen hamaikagarren Magurios jaialdia da, eta Bermeoko kultur zinegotzi Alazne Zumetak adierazi duen bezala “ibilbide bat” eginda dauka jaialdiak. Beste behin ere, “gogo handiz” hartuko den ekitaldi bat dela esan du Zumetak, herrian “gustu handiz” hartzen den motoen kontzentrazioa dela nabarmenduta: “Jaialdiak kolore eta giro aparta ematen dio herriari”.
Jaialdian hainbat jarduera egoteaz gain, ohiko motoei buruzko azoka ere egongo da. «Motoen munduko zer edo zer erosi gura duenak aukera ezin hobea izango du azoka horretan egiteko. Kalitate handiko gauzak egongo dira”, esan du Izar Bikers taldeko Aitor Lekuek.
Gainontzeko urteetan modura, akanpatzeko tokia, kontzertuetarako gunea eta karpa batekin estalitako txosna bat ere egongo dira jaialdiaren gunean, Pergolan, hain zuzen ere.
Izena emateko bi era eskaintzen ditu Izaro Bikersek; www.gaslap.com webgunearen bidez egin daiteke, edota asteburuan, jaialdian bertan.
Kalitatezko egitaraua. Magurios jaialdiak “maila handiko” jarduerak izango ditu bere baitan. Esaterako, Stuntman ikuskizuna eskainiko duen Emilio Zamora, edo The Bond Scott Band taldea, “erreferente baitira Espainiar Estatuan”.