"Arrakastatsua" izan da Muruetako arrantza txapelketa
Parte hartzea esperotakoa baino handiagoa izan zen, eta esan dutenez, "giro ederra" egon zen Muruetako Teilerian.
Urte askoren ostean, arrantza txapelketa egin dute Muruetako Teilerian; udalak antolatutako lehiaketa izan zen zapatukoa, eta jende asko animatu zen parte hartzera.
Hasiera batean, gehienezko parte hartzaile kopurua 35 pertsonakoa bazen ere, hurbildutakoak gehiago izan ziren, eta udaletik parte hartzaile kopurua igotzea erabaki zuten. “Umeek ere parte hartzeko aukera izatea nahi genuen, eta gehienezko parte hartzaile kopurua igota zen aukera bakarra”, azaldu du Muruetako alkate Julen Karrionek.
Azaldu duenez, herriko jendea batzeko aukera bihurtu zen arrantza txapelketa. “Giro oso ona sortu zen eta eguraldiak ere lagundu zuen”, aitortu du Karrionek.
Parte hartu zuten guztiek eraman zuten etxera udalak eskainitako oparitxoa. Nagusiek garagardo pitxar bana jaso zuten, eta gazteak, aldiz, gozoki poltsa eder bategaz joan ziren etxera.
Arrantzatutakoari dagokionez, arrain askorik ez zela egon aitortu du alkateak. Gainera, gogorarazi gura izan du, arrantzatutako arrainak libre utzi zituztel lehiaketa amaitzerakoan.
“Ezusteko galanta”. Nagusien kategoriako irabazleak, Jon Foruriak, “ezusteko galanta” eman zuen; izan ere, marrazo antzerako arraintxo bat harrapatu zuen. Inoiz ikusi ez duten arraina izan zela esan du alkateak, ez lehiaketako epaileek ezta ere parte hartzaileek. Zihur ez badakite ere, Gelba bat izan zitekeen.