Zilarrezko domina gazi-gozoa Garoa Martinezentzat
Bigarren postua lortu du Garoa Martinezek Espainiako Txapelketan, Salamancan. Arrankadetan hirugarren sailkatu da eta bi denborakoa, ostera, irabazi egin du, sailkapen orokorreko bigarren postua eskuratuz. Dena dela, ez da guztiz asebeteta geratu lortutako emaitzagaz.
Garoa Martinez atleta bermeotarrak Espainiako halterofilia txapelketan bigarren postua lortu du. Martinez sasoi onean iritsi zen asteburuan lehiatutako txapelketara, Tiranan, Europako Txapelketan, hamargarren postuan sailkatu eta podiumetik oso hurre ibili ostean. Salamancako zitako emaitzagaz, dena dela, ez da guztiz asebeteta geratu eskuratutako emaitzagaz. “Espainiako Txapelketa absolutua izan da eta irabazteko asmoagaz lehiatu dut uneoro; azkenean, bigarren postuan sailkatu naiz, eta, beraz, ez nago guztiz aseta lortutakoagaz”, adierazi du.
Europako eta Espainiako Txapelketen bitartean, Martinez gorputzaren berreskurapenera eta entrenamendu saio leunak egitera emana egon da, helburu argi bategaz: “Buruan nuena Espainiako Txapelketa irabaztea zen, eta ez da bete”. Martinezek bi kategoriatan lehiatu du: batetik, arrankadetan; bestetik, bi denborakoan. Arrankada edo snatch modalitatean hirugarren izan da Bermeokoa; bi denborakoan, ostera, lehen postuan sailkatu da. Postu horiekin lortu du sailkapen orokorreko bigarren tokia.
Pisua, aurkari. Martinezek azaldu du “nahiko ondo” errekuperatu duela gorputza Europako Txapelketatik, baina pisua arerio izan duela: “Albaniatik, Europako Txapelketatik, bueltatuta, estres aldetik sufritu egin dut, eta horrek pisu dezente galtzea ekarri dit; hortaz, Espainiako Txapelketa ez dut gura moduan kudeatu“. Hurrengo helburuez galdetuta, oraingoz “atseden hartzea eta lasai entrenatzea” ditu buruan. Hobetu beharreko alderdiak ere badituela adierazi du Martinezek, baina argitu du hurrengo denboraldirako utziko dituela.