Sanantonioak ospatu dituzte Abiñan eta Errigoitin
Sardina janean eta bazkari herrikoian elkartu dira herritarrak. Errigoitin ospakizunekin jarraituko dute asteburuan.
San Antonio Eguna ari dira ospatzen Errigoitin eta Abinagako hondartzan. Errigoitin, gainera, ospakizunekin jarraituko dute asteburuan.
Abiñan, San Antonio eguna dela baliatuz, gaurko antolatu dituzte jarduera guztiak. 12:00etan eman diote hasiera ospakizun egunari, Andoni Deunaren baselizan egindako meza nagusiagaz. Meza amaituta, Agurra dantzatu dute,eta ondoren, Etxebarria trikitilariak izan dira giroa alaitzen.
Goiza aurrera joan ahala, eta eguraldiak lagunduta, jendea hurbiltzen joan da Abinagako hondartza ingurura. 13:30ak aldera, sardina erreak jateko aukera izan dute bertaratutako guztiek. Sardinak plateretik ahora eramaten zituzten bitartean, txakur batek bere artzainaren aginduak entzunda, oiloak nola gidatzen zituen ikusteko aukera egon da.
Arratsaldean, gazteenentzako txanda iritsi da. 16:30tik 20:30ra koltxonetetan jolasteko aukera izan dute. Horretaz gain, 17:30ean hasita, hiru orduz arearekin jolasteko tailerra izan dute, Andoni Bastarrikaren eskutik.
18:00etan, bigarren meza entzuteko aukera izan dute. «Sukarrietarrok berriro ere danak batera elkartzeko aukera bat da gaurkoa. Faltan botatzen genuen herriko jende guztia batzea», aitortu du eguna bertan eman duen Pablo Akarregik.
Errigoitiri dagokionez, gaur eman diote hasiera San Antonio jaietako ospakizunei, 12:00tako mezagaz.
Eguneko jarduera nagusia, baina, Herri Bazkaria izan da. Ikuilu Alkartean batu dira 50 lagun inguru, eta janari eta trago artean barre algarak gailendu dira.
Asteburuko ospakizunak.San Antonio eguna gaur izan den arren, astebururako antolatu ditu udalak ekitaldi gehienak, herritar guztiek ospatu ditzaketen San Antonio jaiak.