Barandika eta Etcheto, Donostiako erregeak
Xabi Barandikak eta Nicolas Etchetok Donostia Grand Slameko finala irabazi dute, Aritz Erkiagaren eta Unai Lekerikaren kontra. Lekerikak min hartu du koadrizepsean, eta lesio horrek partiduaren bilakaera baldintzatu du. Dena dela, Barandikak eta Etchetok maila handia erakutsi dute txapelketa osoan zehar.
Xabi Barandika gernikarra eta Nicolas Etcheto bidartarra Donostia Grand Slameko txapeldunak dira. Bosgarren eta azken jardunaldian, final handian, jaun eta jabe izan ziren, iragan zapatuan. Txanponaren beste ifrentzua Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Unai Lekerika gernikarrak bizi izan zuten; azpitxapeldun postuagaz konformatu behar izan ziren. Donostiako Carmelo Balda pilotalekua lepo bete zen finala ikusteko, 1.200 ikusle ingurugaz. Bertan egon ziren, besteak beste, euskal kirolean erreferentziazkoak diren zenbait pertsona: Julen Aginagalde, Julen Lopetegi nahiz Leire Olaberria. Izan ere, jardunaldien joan-etorriagaz, Donsotiako zesta punta txapelketak geroz eta jende gehiago erakarri du, eta finalean frntoia bete-beteta egotea horren erakuslea da.
Gizonezkoen finala orduko, emakumezkoen kategorian ikuskizun ederra izan zen; Ihart eta Maialen Naroaren eta Eneritzen kontra ozta-ozta gailendu ziren, 24-25. Emakumezkoen norgehiagokaren ondoren, gizonezkoen txanda iritsi zen. Partiduaren hastapenean, Erkiaga eta Lekerika maila hobean aritu ziren, baina, minutuek aurrera egin ahala, Barandikak eta Etchetok beren sendotasuna erakutsi, eta lehendabiziko seta irabaztea lortu zuten, modu estuan bada ere: 13-15. Bigarren setean, Lekerikak asko sufritu du, koadrizepsean min hartu ondoren; izterreko lesioak partiduaren nondik norakoa baldintzatu du eta erraztu egin du Barandikak eta Etchetok bigarren seta nagusitasunez irabaztea: 6-15.
Horrenbestez, garaipen garrantzitsua lortu dute Barandikak eta Etchetok, bere mailarik onena eman ez zuen Erkiagaren eta lesioaren zorte txarra jaso zuen Lekerikaren kontra. Bi bikoteek txapelketako onenak direla frogatu dute partiduak joan, partiduak etorri, eta, hori dela eta, maila handiko finala eskaini zieten ikusleei.