Ane Zuazubiskar da Argi Baltzako bigarren finalista
Mikel Rotolaza, Janire Arrizabalaga, Irune Basagoiti, Ane Zuazubiskar, Unai Mendiburu eta Kerman Diaz aritu ziren atzo Gautegiz Arteagan, eta denen artean onena izan zen Zuazubiskar.
Gautegiz Arteagako frontoia jendez bete zuen atzo Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketaren bigarren kanporaketak. Mikel Rotolaza, Janire Arrizabalaga, Irune Basagoiti, Ane Zuazubiskar, Unai Mendiburu eta Kerman Diaz aritu ziren bertsotan, eta denen artean onena izan zen Zuazubiskar.
Gautegiz Arteagako garaipenagaz, Muxikan lehiatuko den finalerako zuzeneko txartela eskuratu du bertsolari arrasatearrak. Izan ere, kanporaketa bakoitzeko garaileak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta beste hirurak puntuazioaren arabera erabakiko dira.
201,5 puntu lortu zituen Zuazubiskarrek, eta berak baino lau puntu eta erdi gutxiago eskuratu zituen iazko txapelketako garaile Retolazak; 197 puntu bildu zituen busturiarrak. Mendiburu sailkatu zen hirugarren, 179,5eko puntuazioagaz, eta 171 eskuratu zituen Arrizabalagak. Diez izan zen bosgarrena 169,5 puntugaz, eta Basagoiti seigarrena 166 puntugaz.
Atzoko saioan Gautegiz Arteagako frontoi estaliak “itxura ederra” izan zuela nabarmendu dute antolatzaileek: “Jende piloa izan zen eta txaloak zenbat gura”.
Hurrengoa Mendatan.
Lehen bi kanporaketak lehiatuta, Mendatako frontoian jokatuko dute hurrengo saioa, domekan, 18:00etan. Bertan ariko dira Ibai Amillategi, Eneko Aldana, Maider Altuna, Bittor Altube, Joanes Illarregi eta Maddi Ane Txoperena.
Puntuazioa:
1.- Aitor Etxebarriazarraga: 203,5 (Sailkatuta)
2.- Ane Zuazubiskar: 201,5 (Sailkatuta)
3.- Mikel Retolaza: 197
4.- Aner Peritz: 196
5.- Sarai Robles: 184,5
6.- Peru Abarrategi: 181,5
7.- Unai Mendiburu: 179,5
8.- Jone Larrinaga: 178
9.- Janire Arrizabalaga: 171
10.-Kerman Diaz: 169,5
11.- Irune Basagoiti: 166
12.- Iker Uriarte: 161