Ibarra kaletik sartu beharko da, gaur egungo sarrera zarratu egingo dutelako, "oinezkoei lehentasuna emateko asmoz".
Uda osterako, Ibarra kaletik sartu beharko dira ibilgailuak Astrako aparkalekura. Arma fabrika zaharraren ondoan dagoen aparkalekurako sarbide berria eraikitzeko lanak datorren hilabetetan hasiko dira, eta, etorkizunean, ibilgailuak sarrera horretatik sartu eta irten beharko dira. Sarrera berria eraikitzeko lanek 32.830 euroko aurrekontua dute, eta hilabetetan gauzatzea espero dute udal arduradunek.
Astrako aparkalekurako sarbide berria gune horretan dagoen babeslekua babesteko proiektuaren parte da. Izan ere, sarbidea lekualdatuta, egungo sarreraren tokian, erabilera publikoko gune bat sortuko dute; hala ere, lanek inguru horretatik gertu dagoen udal biltegi bat desegitea eragingo dute.
Ekimenak babeslakuaren gainean estalki bat egitea bilatzen du, eta, haren inguruan, lekura egokitutako espazio bat prestatzea. Estalkia eraikitzeko lanak amaituta, administrazioak uda ostean ekingo dio egungo Astrako fabrika sozialaren inguruko paisaia hobetzeari, azaroan amaituta egon dadin.
Udal arduradunek zehaztu dute babesleku antiaereoaren estalki berriak egur laminatuzko arkupe egitura izango duela. Gainera, babeslekua friso gisa erabiliko den perimetro osoko paramentu bertikal batekin osatuko dela jakinarazi dute, babeslekua eta haren ingurua eurite handietatik babesteko.
Babeslekuaren zurezko teilatuak 200 metro koadroko espazio bat sortuko du babeslekuaren inguruan, eta espazio hori ere estalita egongo da. Bertan, 36ko gerrari, bonbardaketari edota memoria historikoari buruzko formatu txikiko erakusketak egin ahal izango dira.