Iparragirre Rock Elkartearen 20. urteurrena ospatuko dute asteburuan
Elkartearen sorreraren 20. urteurrena ospatzeko bi eguneko egitaraua antolatu dute, eta musika kalera ateratzea erabaki dute: Rock elkarteko kontzertuez gain, Aterpe eta Pasealekua kontzertuz beteko dituzte.
Iparragirre Rock Elkartearen 20. urteurrenak musikaz beteko du Gernika-Lumo. Elkartearen sorreraren 20. urteurrena ospatzeko bi eguneko egitaraua antolatu dute, eta musika kalera ateratzea erabaki dute: Rock elkarteko kontzertuez gain, Aterpe eta Pasealekua kontzertuz beteko dituzte. Eguraldiak laguntzen ez badu, Pasealekuko kontzertuak arkupeetan egingo dituztela jakinarazi dute.
Iaz ospatu gura zuten eguna, baina pandemia dela eta, atzeratu egin behar izan zuten, eta aurtengo denboraldia agurtzeko baliatuko dute. Gaurko kontzertuak formatu klasikoan eskainiko dituzte: “Cobrak areto berria inauguratu zuen, eta harreman berezia dugu eurekin. Beraz, urteurrenean eurek aritzea berezia da”.
Biharko, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute, rock elkartetik atera eta kalera zabalduko dutelako musika. “Herritarrengana gerturatzea garrantzitsua da guretzako. Lehen Rock and Rallya egiten genuen, baina egia da daukagun egoera ekonomikoak eta jaialdi bat egiteko gaur egun eskatzen diren betebeharrak oso zorrotzak direla guretzat. Hala ere, urteurrenean kalera ateratzea erabaki dugu”, azaldu dute Iparragirre Rock Elkarteko arduradunek.
Hori dela eta, The Riff Truckersek kontzertua eskainiko du eguerdian Aterpen, baina plater nagusia, Pasealekukoa izango dela onartu dute: “Kalean, eszenatokirik barik ariko dira musika taldeak. Eszena underground hori kalera ateratzea bilatu dugu, eta Agur, Tooth eta Tano! arduratuko dira horretaz”. Tooth-ekoak kontzertuak eskaintzera bueltatuko dira bihar, geldialdi luze baten ostean, eta Agur taldekoek euren lehenengo kontzertua eskainiko dute. Tano! taldekoak kataluniarrak dira, eta horiena kontzertu “berezia” izango dela aitortu dute: “Bat egiten dugu musika ulertzeko eran, musika zigilu independentea dute, eta gura genuen eurek hemen egotea”.
Gauean, betiko moduan. Pelukeros de Punset taldekoez eta Ama Sayz gain, rock elkartearen gaztetasuna erakusten duen kontzertuaz gozatu ahalko da: Kolpekaren emanaldiaz, hain zuzen ere. “Gura genuen rock elkarteko talde gazte batek urteurrenean jotzea. 20 urte pasatu diren arren, betiko horretan jarraitzen dugu, herriko musika bultzatzen, eta odol berria datorrenaren seinalea da Kolpekaren kontzertua”, gogotsu adierazi dute.
20 urtetan lortutakoari balioa.
20 urte bete ditu rock elkarteak, eta urte luze guzti horietan lortutakoari balioa eman gura diote. “Alde batetik, balioan jarri gura dugu Iparragirre Rock Elkartearen ibilbidea, eta, bestetik, elkartearen parte izan diren kideak batzeko aitzakia ere bada urteurrena. Aldarrikatu eta ospatzeko eguna da, gure buruari balioa emateko eta aurrera jarraitzeko indarrak hartzeko eguna”.
Gaur eta bihar kontzertu “oso onak” ikusteko aukera egongo da rock elkartean, eta herritarrak animatzen ditugu bai gaurko, bai biharko antolatu ditugun kontzertuetara gerturatzera. “Giro oso polita espero dugu kalean, nahiko aurreikuspen ona daukagu”, adierazi dute, eta Pasealekukoa “zerbait berezia” izatea espero dute.
Kontzertuak
Gaur, ekainak 10
21:30. Cobra eta Sofa taldeen kontzertua Iparragirre Rock Elkartea.
Bihar, ekainak 11
13:00. The Riff Truckers taldearen kontzertua Aterpen.
18:30. Kontzertuak Pasealekuan: Agur, Tooth eta Tano!.
22:00. Kontzertuak Iparragirra Rock Elkartean: Pelukeros de Punset, Kolpeka eta Ama Say.