Bermeo-Mundaka itsas zeharkaldia egingo dute etzi
500 igerilari inguru batuko ditu Bermeo-Mundaka itsas zeharkaldiak. 2.500 metroko itsas ibilbidea egin beharko dute, domekan, 12:30ean hasita.
Koronabirusaren pandemia egoerak ezarritako urte biko geldialdiaren ostean, MDK Swim taldeak antolatutako Bermeo-Mundaka itsas zeharkaldia egingo dute domekan. Igerilariek 2.500 metro inguruko tarte osatu beharko dute Bermeotik Mundakara arte, 12:30ean hasita.
MDK Swim taldeak Zarauzko Balea igeriketa taldearen eta Bermeoko nahiz Mundakako Udalen laguntza izan du itsas zeharkaldia antolatzeko, eta antolakuntza lantaldekoek “aurreikuspen ona” egin dute domekarako: “500 igerilari inguruk eman dute izena, eta, seguru asko, emakumezkoen ehuneko 25etik gorako parte hartzea izango dugu”. Bariku gauean itsaso zakar samarra iragarrita dagoen arren, astebururako egoera hobea espero dute eta, ondorioz, irabazleak 26 eta 28 minutu arteko denbora egingo duela iragarri dute antolatzaileek.