Badator XI. Gazte Egune
Muxikako 11. gazteen egunak jai giroz beteko du San Roman, bihar.
Hamaikagarren Muxikeko Gazte Egunek jai giroz beteko du bihar, San Roman. Herritarrak batzeko asmoz bultzatu zuten jai eguna orain dela hamarkada bat baino gehiago, eta dagoeneko, eskualdeko herritarren egutegietan gorriz borobildutako jai eguna bueltan da.
Azken ukituak egitea besterik ez da falta biharko, eta Erdu Muxikeko Gaztiek taldeko antolatzaileak gogotsu daude. “Pandemia ostean, ezer ez zen segurua, ez genekien Gazte Egune antolatuko genuen edo ez; izan ere, bi urte asko dira gauzak antolatu barik egoteko. Hala ere, asanbladan batu ginen, eta jaia antolatzeko eta mantentzeko erabakia hartu genuen”, azaldu dute arduradunek.
11:00etan hasiko da ume, gazte eta nagusientzako eguna. Txupina jaurtitzeko gonbidapena Muxikako Adingabeen Zentroko Egoiliarrei egin diete, eta eurak hori jaurti ostean hasiko da festa. Izan ere, udalerrian nahiko sakabanatuta bizi diren muxikarrak batzeko egun “aproposa” da biharkoa. “Izatez, gazte egunaren helburua da Muxikako gazteak batzea eta gazteen mugimendua aldarrikatzea, baita gazte asanblada bera aldarrikatzea ere. Herri txikietan gero eta bizi gutxiago dago, eta garrantzitsua da gazte asanblada bat izatea”, azaldu dute.
Hori horrela, adin guztientzako jaia prestatu dute. Goizetik, musikak girotuko du San Roman, eta paella usaina hartuko du zelaiak. Umeen dantzekin dantzan jarriko dituzte gerturatzen direnak, eta barre algarak botatzeko aukera ederra izango dute gazte olinpiadetan. “Paella txapelketa, dantzak eta bertsoak urtero-urtero egon izan dira, eta urtez urte, hainbat gauza gehitzen joan dira egitaraura”, zehaztu dute. Hala, paella txapelketan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: “Paella lehiaketaren garrantzitsuena sortzen den giroa da, lagun artean eguna pasatu ahal izatea”.
Paellen eta gazte olinpiaden ostean, bertsoen txanda ailegatuko da: Lilibertsoko kideak izango dira bertsoak botatzeaz eta gaiak jartzeaz arduratuko direnak. Beñat Bilbaok, Janire Arrizabalagak, Koldo Gezuragak eta Asier Galarzak izango dute protagonismoa. “Eskualdeko bertsolariak dira laurak, eta San Romaneko saioa beti gazteei eskainitakoa izan denez, eurak aukeratu ditugu oraingoan”, azaldu dute antolatzaileek.
Gauez, Nikotina, Dupa eta Laru eta Dj Dazurigusta arduratuko dira bertaratzen direnak mugiarazteaz.
Azken urteetan jende asko joan izan da San Romanera, eta aurten ere jai arrakastatsua izango dela uste dute. “Gauez badakigu jendea etorriko dela, baina guk egunez bertaratzeko deia egiten diegu”.
Egitaraua
Bihar, ekainak 11
11:00. Hasierako txupina.
11:15. Paella txapelketako izen ematea.
12:30. Baso Txoritxu dantza taldearen ikuskizuna.
14:00. Paella aurkezpena.
15:00. Bazkaria.
17:00. Paella txapelketako sari banaketa.
17:30. Kuadrilla arteko olinpiadak.
20:30. Bertso saioa.
20:30-22:00. Happy hour. 22:00. Kontzertuak: Nikotina, Dupla, Laru eta Dj Dazurigusta.