Olatz Arrizabalaga, Bizkaiko lau t’erdikoan nagusi
Aurrelari gernikarrak Enara Gaminderen kontra 22-13 irabazi du finala. Sanferminetako txapelketa eta udako egutegia ditu orain ortzi-mugan.
Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarrak Bizkaiko lau t’erdiko txapelketa irabazi zuen, joan den zapatuan, Enara Gaminde laukiztarraren kontra, Derion. Arrizabalagak garaipen sendoa eskuratu zuen, 22-13 gailenduta. Markagailuak erakutsitako azken emaitza argi eta garbia izan arren, Arrizabalagak adierazi du “partidu oso gogorra” izan zela Gaminderen aurkakoa. “Gogor saiatu behar izan nintzen, Enarak gauzak oso gaitz ipini zizkidalako eta bera ere maila oso handian aritu zelako”, azaldu du.
Gernika-Lumokoak bere aurrelari bertuteak zukutu zituen Laukizkoaren kontra, aurkaria, normalean, atzelari ibiltzen den jakitun: “Enarak jokoa atzeko koadroetara eroateko saiakera egin zuen behin eta berriro, indar handiz jokatzen saiatu zen; ni, ostera, jokoa aurrealdean mantentzen saiatu nintzen, eta, azkenean, tantoak nire aldera erori ziren”. Era berean, Arrizabalagak argitu du sakeetan izan zuen nagusitasuna «gako» izan zela, partidua eskuratze aldera.
Arerio sobera ezaguna. Arrizabalagak eta Gamindek oso ondo ezagutzen dute elkar: hainbat partidutan batera edota elkarren aurka ibili izan direnez, bikain ezagutzen zuen batak bestearen jokoa. Hori dela eta, Arrizabalagak adierazi du hasi orduko “ez zuela espero” finala hainbesterainoko nagusitasunez irabaztea.
Derion izandako giroari dagokionez, gernikarra “pozik” agertu da pilotalekura bertaratutako ikusle kopuruagaz eta frontoian jasotako babesagaz. “Gureaz gain, bai gizonezkoen, bai emakumezkoen beste final batzuk ere jokatu ziren; hortaz, jende dezente hurbildu zen, eta animoak ez zitzaizkigun falta izan”. Aurrerantzean, sanferminetako txapelketari helduko dio, eta, ostean, “partiduz betetako udako egutegia” izango du Arrizabalagak. “Koronabirusak ekarritako geldialdiaren ondoren, uda honetan ez dugu partidu faltarik izango”. Fisikoki “indartsu eta ahalik eta mailarik onena emateko prest” sentitzen da gernikarra.