Itziar Ariztimuñok Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalari izaten jarraituko du
Lointek Gernika Bizkaiaren hirugarren berritzea da Itziar Ariztimuñorena. Urtebete gehiagoz luzatu du bere kontratua.
Itziar Ariztimuñok Lointek Gernika Bizkaia taldeagaz zeukan hitzarmena urtebetez berritu du, eta, horrenbestez, Malosteko taldeko jokalari izaten segituko du datorren denboraldian. Lointeketik adierazitakoaren arabera, “jokalari esanguratsua” da Ariztimuño; izan ere, taldeko kapitainetako bat da.
Loiola Indautxu taldetik iritsi zen Lointek Gernika Bizkaiara Ariztimuño, eta datorren urtekoa bere seigarren denboraldia izango da goi mailako saskibaloian. Aurtengoa, dena dela, zoritxarreko denboraldia izan da beretzat: otsailaren 2an, Leganesen kontra jokatutako norgehiagokan, eskumako eskuan min hartu zuen, eta lesio horrek denboraldiaren bigarren zatia jokatzea galarazi zion.
Ariztimuñorena Lointek Gernika Bizkaiaren hirugarren kontratu berritzea da, Roso Buchek eta Gabija Meskonytek gauza berbera egin baitute. Beraz, apurka-apurka, hurrengo denboraldirako lantaldea zehazten hasi da Gernika-Lumoko taldea