Itsas hondoak garbitzera aterako dira Izaro Subekoak
Izaro Subek garbitzeko hitzordua jarri du zapaturako. 09:30ean Portuko 'Olatua' eskultura parean jarri du elkartzeko ordua.
Beste urte batez, Hondartzen eta Itsas hondoen Nazioarteko Garbiketan parte hartuko du Izaro Subek, eta Bermeoko portua eta inguruko guneak garbitzeko hitzordua jarri du zapaturako. 09:30ean Portuko Olatua eskultura parean jarri du elkartzeko ordua, eta handik abiatuko dira garbiketa egitera.
Urpekariek itsas hondoa garbituko dute, baina itsasoaren goialdea eta kostaldea garbitzeko hautua ere hartu dute Izaro Subekoek. Zehaztu dutenez, oinez joan gura dutenek Arriboletako, Frantzunatxetako, kirol portuko eta Tala gaineko oinezkoen bideko zaborra batuko dute. Urpekariak, berriz, portuan ariko dira zaborra batzen, baita Arriboletan eta Hondartzape hondartzan ere. Horiez gain, Decathlonek utzitako piragua eta paddle surf egiteko tauletan ere aterako dira itsaso gaineko zikinkeria garbitzera. “Boluntarioek tresna horiekin batuko dituzte itsaso gainean aurkitzen dituztenak”, adierazi dute.
Behin garbiketa eginda, bildutako guztia pisatu eta sailkatu egingo dutela adierazi dute arduradunek, 13:00ak aldera.
Itsas hondoen, hondartzen eta kostako ingurunea garbitzearen aldeko ekimenak urtean bitan egiten dute Bermeoko urpekaritza taldekoek, ekainean eta irailean. Izan ere, itsasoan aurkitzen dituzten hondakinen eboluzioa aztertu gura dute: “Aztertu gura dugu urtez urte Urdaibaiko itsasertzean eta itsasoan aurkitzen dugun zaborra gutxitzen den ala ez. Gaur gaurkoz, zoritzarrez, ez dugu zabor kopurua gutxitu, mantendu egiten gara”. Egokiena “gero eta gutxiago” batzea litzateke, zaborra gutxitzen den seinalea izango litzatekeelako hori. “Arrakastatsuena izango litzateke ahalik eta zabor gutxien aurkitzea itsas hondoan, plastiko gutxi ateratzea handik. Izan ere, horrek suposatuko luke herritarrek plastikoa birziklatzeko, zaborra gutxitzeko, eta hori kudeatzeko ahalegina egin dutela, baita herritarrak eta enpresak kontzientziatu egin ditugula ere”, azaldu dute taldeko ordezkariek.
Bizkaiko Apnea Argazki Txapelketa Bermeon.
Garbiketaz gain, Bizkaiko Apnea Argazki Txapelketa egingo dute Bermeon, Izaro Subek antolatuta, eta jakinarazi dutenez, taldeko 12 kidek parte hartuko dute. Ur azpian inolako laguntzarik barik arnasari eutsita argazkiak ateratzean oinarritzen da lehiaketa. “Hori da modurik eta naturalena itsas hondoko arrainei kalterik ez egiteko eta munduari ur azpian dagoen urpeko bizitza erakusteko”, azaldu dute antolatzaileek. Lehenengo txanda Arriboletan egingo dute, eta bigarrena Izaro inguruan.