Bi gurpilen gainean jarriko dira Busturialdeko errepideak
Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Oizeko Erronka martxa egingo dute zapatuan. Eneritz Iturriaga omenduko dute. Hiru luzerako ibilbideak egingo dituzte, eta Oizera kronoigoera ere bai.
Zapatuan, Oizeko Erronka egingo dute Gernika-Lumon, XII. Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistaren testuinguruan. Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak antolatutako martxa izango da, eta 700 parte hartzaile inguru hartuko ditu. Antolakuntzatik adierazi dutenaren arabera, biharkoa “jai handi eta berezi bat” izatea espero dute, baina, guztiaren gainetik, bai parte hartzaileen, bai errepidean topatuko dituzten guztien segurtasuna bermatzea bilatuko dute: “Eguraldi ona iragarrita dagoenez, hondartza inguruetan jende dezente egotea aurreikusten dugu; horrenbestez, txirrindulariei arduraz eta errespetuz jokatzeko eskatu gura diegu, eta gidariei, ostera, pazientziaz eta lasaitasunez”.
Antolatzaileak “asebeteta” ageri dira 700 pertsona inguruko parte hartzaile kopuruagaz, baina zenbaki horrek ez ditu zur eta lur utzi: “Joandako urteetako dinamika ikusita, 900 pertsonako muga ezarri genuen, baina 600ek izena emanda ere aseta geratuko ginateke; prest gaude denei harrera beroa emateko, eta kopuruak ez gaitu kikiltzen”. Euskal Herriko inguru guztietako txirrindulariek eman dute izena, baina baita Espainiar Estatuko hainbatek eta hainbatek ere: “Estatuko lurralde ia denetatik jendea hurreratuko da, hiru ibilbideak egiteko”. Ibilbideok, hain zuzen ere, zailtasunaren arabera atondu dituzte; laburra, ertaina eta luzea daude. Laburrak 75 kilometro eta 1.000 metro positiboko desnibela du; ertainak, aldiz, 128 kilometro eta 2.300eko desnibela; luzeari dagokionez, 162 kilometrokoa da, 3.200eko desnibelagaz.
Iaz ez bezala, aurten ez da irteerako mailarik egongo. Izan ere, duela urtebete, parte hartzaileak talde txikiagoetan banatu zituzten, osasun neurriak bermatzeko. Aurten, baina, ibilbide ertaina nahiz luzea egingo dutenak 08:00etan hasiko dira, Santana aparkalekutik; laburrekoak, berriz, 10:00etan. Bidean, anoa postuak izango dituzte, eta ehun boluntario inguruk asistentzia zein segurtasun lanak egingo dituzte ibilbidean zehar. Aurtengo edizioan, Eneritz Iturriaga txirrindulari ohia eta bere taldea, Eneicat UCI women’s cycling team, omenduko dituzte. “Emakumezkoen txirrindularitzan eta, oro har, emakumezkoen kirolean erreferenteetako bat da, eta merezi duen omenaldia egin gura diogu”, adierazi dute antolatzaileek. Era berean, aurtengo Oizeko Erronkan emakumeak protagonista izango dira, iazko parte hartzaile kopurua hirukoiztu egin baita: 20 ingurutik, 60ra.
Bigarren kronoigoera. Txirrindulariek Oiz mendira kronoigoera egiteko aukera dute martxa horretan, Munitibartik hasita. Aurten, baina, bigarren kronoigoera bat diseinatu du antolakuntzak: “Gura dutenek ohiko erlojupekoa egin dezakete, hau da, Munitibartik Oiz tontorrera; zerbait laburragoa bilatzen dutenek, aldiz, Munitibartik Bizkaiko Begiratokira igoera egin dezakete bere horretan, alegia, Oizerako zatia kenduta“. Azaldu dutenez, kronoigoeraren helburua ez da txirrindularien arteko konpetizioa sustatzea, norberak bere “erronka pertsonalak” izatea baino: “Ez dugu martxa lasterketa bihurtu gura”. Horregaz batera, Oizera igo ostean behera jaitsiko diren ziklistei “adi eta kontuz ibiltzeko” eskatzen diete, “maldan gora doazenei inongo trabarik ez egiteko eta, jakina, istripuak ekiditeko”.
Bestalde, azaldu dute parte hartzaile guztiek, behin helmugaratuta, azken anoa postua jaso ahalko dutela, oroigarri edota oparitxo bategaz batera. “Zikloturistek pasta platerkada eder bat eta freskagarria eskertuko dituzte, egindako esfortzuaren ostean, eta guk ahal dugun hoberen tratatuko ditugu guztiak”. Harrera horren erakusle da, hain zuzen, txirrindulariak laguntzen dituzten pertsonei ere jan-edana ematea, eta ez soilik parte hartzaileei.