Izaro Subek ingurumenaren alde egindako lana saritu du aldundiak
Esker On saria jaso du, 2019an Zero Plastiko Urdaibai proiektua gauzatzeagatik.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Izaro Sub taldea saritu du 2019an Zero Plastiko Urdaibai proiektua gauzatzeagatik. Aldundiak Esker On saria eman dio Bermeoko urperkaritza taldeari.
Urtero-urtero banatzen ditu On sariak aldundiak, berrikuntza, lehiakortasuna eta ekintzailetza sustatu dituzten lurraldeko enpresa proiektu onenak aitortzeko asmoz, eta ekitaldia aprobetxatu dute garapen jasangarriari eta ingurumenari ekarpena egin dioten proiektu eta enpresak saritzeko. Hain zuzen ere, arlo horretan saritu dute Izaro Sub: “Duela bi urte ziren saria ematekoak, baina pandemia tarteko, ezin izan dugu ekitaldia ospatu”. Gaur, 2019ko ingurumenaren aldeko ekimen onenaren saria jaso dute.
Urperkaritza taldekoek ekimenean lagundu zuten udal, talde, elkarte eta boluntario guztiei euren esker ona adierazi diete, saria eurena ere badela esanez. Izan ere, ia 3.000 lagun elkartu ziren Urdaibain egindako garbiketan, eta 8 tona baino gehiago batu zituzten. “Izaro Sub taldeari eman diote saria, antolatzaileak gu izan ginelako, baina boluntario guztiekin eta laguntzen aritu ziren guztiekin elkarbanatu gura dugu saria, izan ere, eurek egindako lana ere sekulakoa izan zen”, adierazi dute taldeko ordezkariek.