EH Bildu Eguna ospatuko dute barikuan Bermeon
Alde Zaharrean hasi, eta Lameratik eta portutik ere ibiliko dira poteoan. Berba batzuk esateaz gain, bertsoak eta musika ere izango da.
Amets Guztiak, Borroka guztiak lelopean, EH Bilduk Mugi eta Bildu Egunak ospatuko ditu Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan asteburu honetan hasita. Bermeon, hain zuzen ere, barikurako antolatu dute EH Bildu Eguna.
«EH Bildu Eguna, komunitatea indartu eta aldarrikapen sozial, berdinzale, feminista, ekologista, eta abarrekin lotuko gaituen jai eguna da, biltzeko eta mugitzeko eguna», azaldu dute koalizioko kideek.
19:45ean, Goiko Plazan emango diote hasiera barikuan Bermeoko EH Bildu Egunari. Mikrofonoa hartu eta berba batzuk esango dituzte jai egunari hasiera emateko. Gero, bertsoak botako dituzte eta Eingo musika taldeagaz jarraituko dute pintxopotean; Alde Zaharrean hasi eta Lameratik eta portutik ere ibiliko direla zehaztu dute. Hala, herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Bermeoko EH Bildutik adierazi dute, barikuko eguna «esperientziak trukatzeko, elkar ezagutzeko, gure artean laguntzeko, gure borrokak sinkronizatzeko eta horien guztien parte bilakatzeko eguna» izango dela. «Gure indar guztiak, handiak zein txikiak eta gure inteligentzia kolektiboa indar eraldatzaile geldiezin eta eraginkor bilakatzeko. Batera amesteko, amets kolektibo handi bat, proiektu amankomun bat herri eta komunitate gisa. Gura dugun Bermeo eta Euskal Herri aske, justu eta baketsua batera irabazteko», gaineratu dute.
Batzeko unea.EH Bildutik uste dute «aukera ezin hobea» dela eskaintzen dutena; udako jaien aurretik denak elkartzeko aukera baita: «Euskal Herrian, maila lokalean antolatzen diren dozenaka borroka sozial eta herri mugimenduko lanketetan parte hartzen dugunok elkartzeko unea da».
Aipatu dute Bildu eta Mugi egunak jendearekin elkartzeko eta «gure gizartearen eta herriaren balio eraldatzailearen garrantziaz jabetzeko» egunak direla. Izan ere, EH Bildu alderdi politiko bat izatetik harago doan mugimendu politiko bat ere badela diote, hau da, «aldarrikapen komunitate oso bat barnebiltzen duen mugimendua». Instituzioetan «aldarrikatu eta eragiteaz» gain, kalean ere borrokatzen duen mugimendua ere badela dio EH Bilduk; «herriz herri, auzoz auzo, Euskal Herria eraikitzen duen indar politikoa» direla gogorarazi dute.
Horregatik guztiagatik, EH Bildu Eguna jai giroan egingo den aldarrikapen eguna izango dela aipatu dute. Eta, «aldarrikapena ilusio» bihurtu gura dute, eta alderantziz, «ilusio aldarrikapen».