Oihane Perezen garaipenetik Maialen Basterraren bautismora
Oihane Perezek emakumezkoen sailkapena irabazi du, eta sailkapen orokorrean 25. amaitu du. Maialen Basterrak debuta egin du distantziam luzean, Leire Monasteriok lagunduta, eta Unai Martinek 18. bukatu du. Taldeka ere irabazi zuen Arrolape Mendi Klubak.
Arrolape Mendi Klubeko korrikalariek Euskal Herria Mendi Erronka distantzia luzeko proban parte hartu zuten, Leitzan. 08:00etan eman zioten hasiera lasterketari eta lasterkariek 67 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, 3.600 metro inguruko desnibel pilatuagaz. Ugaitz Artola Usandizagak irabazi zuen lasterketa orokorra, 6.56,49ko denbora eginda. Oihane Perez Reguerak, beste behin bere goi-maila erakutsita, 25. postuan amaitu zuen; gainera, helmuga lerroa igaroten lehen emakumea izan zen gernikarra. Era berean, Unai Martin Delgado izan zen arrolapetarretatik gizonezko aurreratuena; hemezortzigarren postuan helmugaratu zen, eta 8.02,24ko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko. Kepa Ortuzar gernikarrak ere parte hartu zuen. Horrez gain, Arrolapekoek taldekako sailkapena ere eskuratu zuten Leitzan.
Perez: “Lehen kilometroak lasai samar egin nituen, proba oso luzea baitzen”
Perez “harrituta” agertu da garaipenagaz. Sasoi fisikoaren aldetik “oso sendo” dagoela bazekien arren, “ez zuen uste” garaipena eskuratzeko aukera izango zuenik. Hain zuzen ere, lehendabiziko kilometroak “lasai samar” egin zituen, lasterketako maila eta eguraldia ikusita: “Proba oso luzea da, ultradistantziakoa, eta, beraz, trankilago hastea erabaki nuen, batez ere, bero eta umeltasun handia zegoelako; tontorretan, gainera, laino zarratua topatu genuen, eta horrek aditasun guztia eskatu zigun”. Behin erreferentziak jasota, Perezek “motibazioz gainezka” bete zituen ibilbideko azken kilometroak, eta hamar minutu atera zizkion bigarren sailkatuari. Hurrengo proba uztailean izango du: Ehunmilak UltraTrail.
Basterra: “Arinagoko astea oso urduri eman nuen, baina Leire Monasteriok egundoko laguntza eman zidan”
Maialen Basterra, debutaria. Maialen Basterra Fernandez arrolapetarrarentzat, aldiz, ultradistantzian bautismoa izan zen Leitzakoa. Leire Monasterio Gonzalez taldekide errigoitiarragaz batera egin zuen bere lehen ultra, eta “esperientzia itzela” bizi izan zuen: “Arinagoko astea oso urduri eman nuen, baina lasterketa egunean Leirek egundoko laguntza eman zidan, eta horrek egunaz izugarri gozatzea ekarri zuen”. Ibilbidearen edertasuna eta antolakuntza ditu ahotan Basterrak: “Ibilbide osoa izugarria iruditu zitzaidan, baina, batez ere, antolakuntzako lantaldearen prestutasuna azpimarratuko nuke”.