Javier Goitiak Europako mendi korrikalaririk onenekin lehiatu du
Javier Goitia Omaetxebarriak Hochkönig Man SkyRace proba egin du, Suitzan, Euskal Selekzioagaz. Gernikarra 22. helmugaratu da, 4.14,37ko denboragaz.
Javier Goitia Omaetxebarria korrikalari gernikarrak Suitzan lehiatu zuen asteburuan, Hochkönig Man SkyRace proban. Trail lasterketa hori, era berean, Mundu Koparako baliogarria izan zen. Goitia, Euskal Selekzioaren koloreekin, 22. postuan helmugaratu zen, 4.14,37ko denbora eginda. Gernika-Lumokoak 32 kilometroko eta 2.800 metroko desnibel positibodun proban parte hartu zuen.
SkyRace-k Europa mailako mendi lasterkaririk puntakoenak elkartu zituen. Garailea Bienne Athletics etxeko Christian Mathys izan zen; 3.31,09ko denbora behar izan zuen korrikalari suitzarrak, ibilbidea osatzeko. Goitia “asebeteta” agertu da bere parte hartzeagaz. Azaldu duenaren arabera, “inongo helburu espezifikorik eta presiorik gabe” ekin zion lasterketari, hau da, “disfrutatzeko asmoz”: “Nazioarteko maila horretan lehiatzen dudan lehendabiziko aldia izan da bai niretzat, bai Euskal Selekzioko lantaldearentzat; hori dela eta, probaz gozatzea eta, batez ere, ahal bezainbeste ikastea izan ziren eginbehar bakarrak”.
Inongo presiorik gabe ekin nion lasterketari, probaz gozatzeko eta ahal bezainbeste ikasteko asmoagaz”
Aiaramendi taldeagaz lehiatu ohi du, baina Suitzan Euskal Selekzioa izan du bidaide: “Bidelagun paregabeak elkartu gara abentura horretarako. Selekziokoek oso ondo jagon gaituzte, ez digute inongo presiorik sartu, taldea sortzeari emanak egon dira, eta, oro har, oso ondo portatu dira korrikalari guztiokin”. Goitiak adierazi du SkyRace probako ibilbidea ez zitzaiola “batera doitzen” bere mendi korrilakari ezaugarrietara: “Ni ez naiz oso teknikoa eta ibilbideak, ostera, zailtasun tekniko izugarria zuen. Besteak beste, bidezidorrak, basoa, mendi guneak, harkaitzak, elurra, sustraiak eta bidezidorrak nabarmendu ziren”. Hain zuzen ere, 800 metroko altueratik abiatu arren, tartean 2.500eko gailurretaraino igo ziren; hortaz, parte hartzaileek proba oso alpetarra topatu zuten. Igoeretan, Goitia “sendo” aurkitu zen, baina gunerik teknikoenetan eta zailenetan, berriz, “justuago” ibili zen.
Igoeretan maila handian ibili arren, gunerik teknikoenak ez zitzaizkidan egokitu lasterka egiteko nire estilora”
Gernikarraz gain, Aitor Ajuriak, Maite Maiorak eta Ainara Uribarrik osatu zuten Euskal Selekzioaren parte hartzea. Ajuriak 4:56,04 behar izan zuen proba amaitzeko, 41. postuan sailkatuz. Maiorari dagokionez, emakumezkoen kategorian goiko kotan eta podiumetik oso hurre ibili zen: 4:27,51ko denboragaz, laugarren amaitu zuen. Uribarri ere emakumezkoen lehen hamarren barruan sartu zen, bederatzigarren, 5.14,57ko denbora eginda.
Goitiak hurrengo probetarako “eskarmentua hartzeko” erabili du SkyRace: “Etxetik hain urrun eta goi-mailako parte hartzaileen kontra, ikasi besterik ez dut egin, eta espero dut jasotako informazio guztiak eta, oro har, bizipenek hurrengo lasterketetarako balio izatea”. Euskal Selekzioaren egitekoaz galdetuta ere, modu beretsuan ageri da gernikarra: “Korrikalari gazteek nazioartean konpetitzea bilatzen dute, esperientziak biziz eta ahal den guztia ikasiz. Aukera polita eman digute guztioi bestelako konpetizio bat ezagutzeko, eta oso eskertuta nago horregatik”. Ekainean atsedena hartuko du Goitiak; ostean, hurrengo helburuak prestatzeko bideari ekingo dio. Helburuok, hain zuzen, Sorginen lasterketa eta Anbotoko kilometro bertikala izango dira.