Busturialdean turismoa bultzatzeko aurrekontuak onartu ditu Gobernu Kontseiluak
Gaur jakitera eman dutenez, lau milioi euro bideratuko dituzte Busturialdeko proiektuetara. Dirua Europatik bideratu dituzten Next Generation diru laguntzetatik dator.
Gobernu Kontseiluak 2021 eta 2023 urteen bitartean Euskal Herriko hainbat eskualdetan turismoa bultzatzeko aurrekontuak onartu ditu guarko bileran, Busturialdea tarteko. Jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzaren, diputazioen eta udalen artean sinatutako hitzarmena da.
Hain zuzen ere, lau milioi euro bideratuko dituzte Busturialdera, Europar Batasunetik bideratu dituzten Next Generation diru laguntzetatik. Lau milloi horiek aste honetan iritsi dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoara, eta “erabilgarri” daudela azaldu dute.
Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak hiru fasetan jasoko ditu diru laguntzak; oraingoa, lehenengo fasekoa da. Beraz, esan dute, oraindik posible dela etorkizun hurbilean Busturialdera bideratutako diru kantitatea handitzea.
Diru laguntza horiek jasotzeko “ezinbesteko baldintza” da Espainiako Gobernuari proiektu bakoitzaren aurkezpen xehatua aurkeztea; beraiek erabakitzen baitute dirua nora bideratu. Gainera, proiektu guztiek honako lau baldintza hauetako bat bete behar dute: eraldaketa jasangarria izan behar du, eraginkortasun energetikoan hobekuntza bat eduki behar du, eraldaketa digitalagaz lotutako aldaketa bat izan behar da edo lehiakortasunagaz zerikusia daukaten ekintzak izan behar dira.
Busturialdera bideratutako aurrekontua zortzi proiektutan banatu da: Gaztelugatxeko mendi-hegala eta bidearen konponketara; Lurgorriko geralekua eta biribilgune berrira; turismo adimentsuaren kudeaketara; Lurgorri eta Bermeo batzen dituen oinezko bidera; Urdaibaiko zikloturismo plangintzara; Mundakako tren geltokia eta herriko erdigunea lotzeko proiektura; Urdaibai helmuga turistiko adimentsua bihurtzera; eta, bertoko enpresak iraunkortasunean oinarritutako turismoaren parte izatera.
Urdaibaiko Guggenheim. Eskualdean egin nahi duten Guggenheim proiektua aurrera doala jakitera eman dute. Arantza Tapia sailburuak adierazi duenez, gaur bertan plan aldaketa bat adostu dute Gobernu Kontseiluan, eta gaineratu du, laster horri buruzko berri gehiago izango direla.