Beñat Obieta, Bizkaiko lasto botatze txapeldun berria
Beñat Obieta arratzutarrak irabazi du bere jaioterrian lehiatutako txapelketa. Bigarrena Jose Martin Bustinza 'Tubi' izan da, eta hirugarrena, ostera, Mikel Agirre. Obietak 5.60 metroko distantzia lortu du.
Zapatuan, Bizkaiko lasto botatze Txapelketa egin zuten Arratzun. Lehiaketa horrek Bizkaiko lasto jaurtitzailerik puntakoenak elkartu zituen, eta etxean lehiatu zuten Beñat Obieta arratzuarra izan zen irabazlea. Obietak lasto meta 5.60 metroko distantzian jaurti zuen, eta bigarren sailkatuak, Olar HKT etxeko Jose Martin Bustinza Tubi-k, 5.50ekoan; podiuma Txondor HKT taldeko Mikel Agirrek osatu zuen, 5.10eko distantzia lortuta.
Obieta irabazleak adierazitakoren arabera, “azterketa gogorra” izan zen zapatukoa: “Hasieran, ez nituen sentsazio onak izan, eta, gainera, ondo nekien Tubik, garaipena eskuratzeko hautagai nagusiak, marka oso ona ezarriko zuela”. Etxekoen aurrean lehiatzeak, baina, hegoak eman zizkion Obietari, eta, apurka-apurka egoerari buelta ematen eta bere benetako maila topatzen joan zen. “Arratzutarren animoak eta berotasuna guztiz beharrezkoak izan ziren Tubi aurre egin eta lehiaketa irabazi ahal izateko”.
Obieta: “Aurrerantzean prestakuntzarako denbora gehiago izando dut, eta, horrenbestez, Euskadiko Txapelketara sasoiko heltzea espero dut”
Ikusleei eskertuta. Bizkaiko lasto botatze Txapelketa Arratzuko jaien testuinguruan egin dute eta horrek, hain zuzen ere, jende pila bat herriko plazara hurreratzea ekarri zuen. Obietak, garaileak, tartetxo bat hartu zuen bertaratutakoei babesagatik eskerrak emateko eta garaipena jai giroan ospatzeko. Aurrerantzean, Euskadiko Txapelketarako prestaketei helduko die Obietak: “Oraindik ez dakigu non eta noiz lehiatuko diren, baina udan prestakuntzarako denbora gehiago dut, eta, horrenbestez, sasoiko heltzea espero dut”.