Maietz Pazkoak ospatzen dabiltza Sukarrietan, Arratzun eta Muxikan
Giro ederra egon da gaur Sukarrietan eta Arratzun. Bi urteko geldiunearen ostean jaiak bueltan dira, eta giroan nabari da.
Gogo handiz hartu dituzte 2022ko Maietz Pazkoak Sukarrietan, Arratzun eta Muxikan. Bi urteko geldiunearen ostean, jendeak gogoak ditu herriko jaietaz gozatzeko, eta bi herrietan nabaritu da.
Sukarrietan, 10:00tan bota dute txupina. Jarraian, ibilbide osasuntsua egiteko aukera eduki dute. Goizeko lehen partean ez da jende larregi animatu. Hala ere, goizak aurrera egin ahala, Sukarrietako parke ingurua animatzen joan da, eta jai giroan sartu dira.
Eguneko ekintzarik arrakastatsuena esku pilota partiduak izan dira. Jendea herriko frontoira hurbildu da, eta pilotariek “ikuskizun galanta” eman dutela aitortu dute hurbildutakoek. Partida ona izango zela espero zen, Open txapelketako lehen jardunaldia baitzen. Baina hurbildutakoen itxaropen guztiak gainditu dituzte pilotariek.
Arratsaldean gazteenentzako txanda iritsi da. 16:30ean hasita puzgarrietan jolasteko aukera eduki dute, eta nabaria zen txikienen herriko parkean. Gainera, jarraian apar jaiarekin gozatzeko aukera izan dute. “Familian etortzeko egun boribila izan da”, nabarmendu du Borja Arandia sukarrietarrak.
Arratzun, aldiz, atzo hasi ziren Maietz Pazkoak ospatzen. Herriko Miren Irustak adierazi duenez, “giro polita” izan zen atzo arratsaldean. Hala ere, egun “potoloa” gaurkoa dela nabarmendu du.
11:30ean izan dute eguneko lehenengo ekimena. Umeentzako jolasak antolatu dituzte Arratzuko Piratek, eta umeek topera hasi dute eguna. 13:00etan herritar guztiak hurbildu dira Bizkaiko Lasto Jaurtitze Txapelketako final handia ikustera. Esperotakoa baino lagun gehiago batu dira finalean, eta poztasun ikaragarriarekin bukatu dute finala, herriko Beñat Obieta gazteak jantzi baitu txapela. Bazkalorduan Obieta frontoira sartu denean, txalo zaparrada beroa jaso du; honek herritarrek emandako babesa eskertu du txaloak bueltatuz.
Txapelketaren ostean, jende mordoa batu da herriko plazan jarri duten txosnan. Nagusientzako bazkaria 15:00tan hastekoa bazen ere, herriko jaietan ohikoa denez, 30-40 minutu inguruko atzerapenarekin hasi da. 100 lagun baino gehiago batu dira bazkarian eta frontoi guztia hartu dute mahaiekin. Zarata handiz baina giro ederrean jan dute arratzura hurbildatukoek, eta eguna gauera arte jarraitzeko intentzioa erakutsi dute asko eta askok. Gauean, Zirkinik bez! taldeagaz ibili dira erromerian.
Bihar, gehiago. Hori dena gutxi balitz, bihar ere zereginak izango dituzte herri bietan. Sukarrietan sukalkia daukate 10:00tan hasita. Jende nahikoa joatea espero dute antolatzaileek. Arratzun, ostera, meza eta pilota partiduak ikusteko aukera izango dute.
ARGAZKI GALERIA HEMEN.