Martxan dira Azoka Bereziak
Gazta eta txakolina izan dira produktu salduenak.
Euskal produktuei balioa eman asmoz berreskuratu dira Azoka Bereziak. Gaur izan da lehenengoa Merkatu Plazan, eta jendeak ondo erantzun du.
Arrakasta handiena izan duten produktuak gazta eta txakolina izan diren arren, beste gauza asko izan dira plazan. Hurbildutakoek inguruko baserritarren barazkiak eta fruitak erosteko aukera izan dute. Gainera, artisauek ere euren eskaintzak jarri dituzte salmahaietan, eta saskigintza eta zeramikaz gain, «kalitate handiko» elikagaiak egon dira aukeran, patea edo eztia, besteak beste.
Bi urteko geldialdialdiren ostean, gazta egiten duen Jose Ramon Etxabe urretxuarrak esan du nabaritzen dela jendeak azoketara bueltatzeko gogoa duela: “Salmentak ondo doaz, eta jendeak lagundu egiten gaitu”.
Giroa hobetzen. Giroari dagokionez, goiza triste xamar hasi den arren, Merkatu Plaza berotzen hasi da eguerdirako eta ordu batak aldera jende mordoa batu da azokan. Busturiko Amunategi txakolingileak esan du hondartzara joateko eguraldirik egon ez denez, jendea Merkatu Plazara hurbildu dela: “Pozik gaude buelta honetan ikusten dugun giroarekin”.
Argazki galeria HEMEN.