‘Reggaean Jarrai’ bilduma aurkeztuko dute etzi, Astran
Proiektua aurkeztuko dute etzi, 17:30ean hasita, Astran.
Pantx Records kolektiboak Reggaean jarrai: Euskal folklore jamaikarra bilduma plazaratu zuen iazko urtean, Euskal Herriko eragile eta sortzaile askogaz elkarlanean, eta proiektua aurkeztuko dute etzi, 17:30ean hasita, Astran.
Duela urte bi hasi zuten proiektua Pantx Records kolektiboko kideek, pandemia sasoian, Euskal Herriko kultur eszenak bizi zuen egoera larriari buelta emateko helburugaz.
Reggaean jarrai proiektuak kontzeptu ugari biltzen ditu, eta Euskal Herriaren eta Jamaikaren arteko topagunea da. Izan ere, soinu jamaikarrak lantzen dituzten Euskal Herriko belaunaldi ezberdinetako taldeek euskal folkloreko abestiak hartu eta jamaikar doinura moldatu dituzte, “bakoitzak bere erara”. Hamalau taldek parte hartu dute proiektuan, eta jamaikar doinuen sustraietara jo dute, orduko kantuak moldatuz; besteren artean, Euskatalites, Trikoma, eta Skabidean taldeek parte hartu dute. “Eguneratzea bakoitzaren araberakoa izan da”, azaldu dute Rudelari taldeko kideek.
Musika taldeez gain, proiektua bultzatzeko, kolektibo ezberdinen laguntza behar izan zuten Pantx taldekoek, eta eragile horien artean egon ziren Gernikako Rudelariak: “36 taldek parte hartu genuen proiektua bultzatzen”.
Kolektiboa
Datu hori “oso esanguratsua” dela diote, asko direlako ska eta reggaea bultzatzen duten taldeak. «Euskal Herrian, reggae munduko kolektibo asko daude, baita iparraldean ere. Kolektibo bakoitzak berak gura edo ahal izan zuen diru kopurua jarri zuen proiektuari bultzada emateko, eta trukean, diskoak eman zizkiguten». Eta horiek zapatuan Astran eskuratu daitezke.
Izan ere, salmentei erreparatuz gero, “arrakastatsua” izan da erantzuna; esate baterako, Durangoko Azokan lan guztiak amaitu ziren. “Bikaina izan zen herritarren erantzuna”. Herritarrei aurkezpenera joateko deia egin diete X. Rudelari Eguneko arduraudek.