Gorlizko triatloia Joanes Goitisolorentzat
Hiru trantsizioetan sendo agertu da Goitisolo, eta txirrindularitzakoan apurtu du lasterketa buruko taldea. Luke Harvey eta Jose Alix izan ditu podiumeko albo banatan.
Joanes Goitisolo Otazua gernikarrak Gorlizko Triatloia irabazi zuen domekan. Sprint mailako triatloia lehiatu zuten: 750 metro egin zituzten igerian; hogei kilometro, aldiz, bizikletan; bukatzeko, bost kilometro korrika. Gorlizkoa Euskadiko Kopako proba izan zen, eta Euskal Herriko triatletarik onenak elkartu zituen; gainera, Australiako nahiz Zeelanda Berriko partaidetza ere izan zen. “Sentsazio onak” izan zituen Goitisolok, adierazi duenaren arabera, eta hasieratik onenen pare izan zen. Igeriketa saioa lehendabiziko postuetan amaitu zuen, Luke Harvey eta Michael Boult australiarrengandik oso hurre. “Munduko Kopako triatletak direnez, igerian maila oso handia dute, eta, horrenbestez, oso pozik atera nintzen uretatik”.
Bizikletaz egin beharreko trantsizioan erakutsi zuen bere benetako maila Gernika-Lumokoak. Hamar kilometro behar izan zituen lasterketa burura ailegatzeko. Bigarren trantsiziotik bost kilometrora, hamabosgarren kilometroan kokatutako igoeran, erasoaldia jo zuen Goitisolok, eta hautagaien taldea hiru partaidera murriztu zuen: Luke Harvey, Jose Alix madrildarra eta bera. Hirurek batera amaitu zuten txirrindularitza saioa, eta elkarregaz hasi ziren arineketan. Hirugarren eta azken trantsizio horretan, Goitisolo azkarrena eta sendoena izan zen, eta garaipena eskuratu zuen.
Goitisolo lortutako garaipenagatik “oso pozarren” agertu da: “Indartsu igarri nintzen, eta lan gogorrak bere fruitua eman zuen. Gainera, jende ezagun ugari egon zen animatzen, eta horrek indarra eman zidan azken metroetan”.